Whatsapp eta gero, zer?

Ez dut uste gaur idatzi nahi dudan honek aurre-azalpenik behar duenik, baina despistaturen bat egongo balitz, hauxe da jakin behar duena; azken asteotan Whatsapp, Facebook Inc. enpresaren aplikazioak, bere pribatutasun arauak aldatu dituela-eta, zenbait arau berri onartu behar izan dituzte aplikazio hau erabiltzen duten erabiltzaileek.

Horrek kriston eskandalua eragin du. Sare sozialetan ez ezik, kalean ere. Itxosopeteko eztabaidak sortuz eta mezularitza aplikazio libreetara enegarren exodoa erakarriz.

Aurrekoan sarean.eus irratsaiorako elkarrizketa labur bat egin zidaten Whatsapp ordezkatzeko eskuragarri ditugun aplikazioen inguruan. Egunotan honen inguruan behin eta berriz berba egin dugunez, irrati elkarrizketa horretarako prestatu nituen apunteak erdi ondo borobildu eta blog honetara ekartzea pentsatu dut. Eta hauxe duzue emaitza.

Eta bai, noski daudela Whatsapp bezalako mezularitza sistemak ordezkatzeko moduko aplikazioak, eta ez dira gutxi. Ba al zenekien Whatsapp-en oinarria XMPP izeneko komunikazio-protokolo libre bat dela? Ba hasteko, hogei urte baino gehiago duen protokolo hau erabili zenezake. Horretarako XMPP eskaintzen duen zerbitzari bat behar izango dugu, adibidez Suchat.org edo Disroot eta sarea erabiltzeko bezero bat. Adibidez, Conversations Android-en edo Gajim ordenagailuan. Hori izan liteke, Whatsapp ordezkatzeko erabili genezakeen lehen aukera. Baina badaude beste batzuk. Bigarren adibide gisa, Matrix protokoloa aipatuko dut. Aurrekoaren gauza bera: zerbitzua erabiltzeko zerbitzari bat aukeratu beharko dugu, adibidez matrix.org eta izena eman. Ostean, zerbitzua erabili ahal izateko aplikazioak beharko ditugu, Element.io izan daiteke, bai Android-en zein ordenagailuan.

Nire ustez aukera bi hauek izango lirateke, onenak. Zergatik? Bada, esan dudanagatik: zerbitzaria aukeratu daitekeelako. Zerbitzu deszentralizatu eta federatuen alde egin beharko genuke, burujabetza teknologikoaren mesedetan, ahal dugun guztietan. E-posta helbide bat sortzen dugun bakoitzean gure zerbitzaria aukeratzen dugun modu berean jokatuz. Nork bere gustukoa duen zerbitzari baten izan ditzan bere datuak. Nik adibidez, sindominio.net erabiltzen dut, amiga gisa, bai Matrix, zein XMPP-rako.

Gaur egun, zerbitzu deszentralizatuen alde egitea oso erraza bada ere, egongo da “horrenbeste” lan hartu nahi ez duenik, eta horrentzat Signal bezalako proiektuak erakargarriak izango dira.

Telegram ez da aukera onena. Ez baita erabat software librea.

Whatsapp gabe (kalitatezko bizitza soziala bermatuz) bizi daiteke. Ni eta beste asko, gara horren erakusle.

Denak hil presente egoteko

Zenbat denbora Anestesia entzun gabe… Aurrekoan Gu diskoa jarri nuen. Tira, jarri baino klik egin. Eta Denak hil abestira heldu nintzenean bakarrik heldu zitzaidan aste honetako blog bidalketa.

Behin baino gehiagotan gomendatu izan dut, bai blog honetan zein beste leku batzuetan ere, Sergio Legaz-en, Sal de la Máquina: una guía para sobrevivir a la distopía de los smartphones liburua. Uste dudalako denok martxan jartzeko moduko zenbait gomendio egiten dituela. Edonork irakurtzeko moduko liburua da.

Bada, liburuan agertzen den azken ariketa martxan jartzea proposatzen dizuet: Whatsapp (edo Telegram, zuk erabaki), isiltzea. Nik Telegram-ekin egingo dut. Baina ez bakarrik doinurik ez jotzea, baizik eta goiko barrako aplikazioaren jakinarazpena ere desgaitzea. Zein asmorekin? Ba begira, lehenik eta behin, gu izan gaitezen aplikazioa ireki nahi dugunak modu kontzientean eta ez aplikazio horren jakinarazpena jaso dugulako. Bigarrenik, konturatzeko oso egun gutxitara nola jaitsi den gure telefonoaren erabilera denbora. Hirugarrenik, presente egoteko.

Presente egoteko, bai.

Hil ezazu aita, hil ezazu ama / Hil anai-arrebak eta seme-alabak / Hil ezazu aitona, hil ezazu amona / Hil bizilagunak eta irakasleak / DENAK HIL. Aldarrikatzen zuen goian aipatu dudan Anestesiaren abestiak. Baina nik blog bidalketa honetan proposatzen dizuedana, guzti horiek berpiztea da. Ez bakarrik hori, baita ere, zure burua zoombi mode-tik atera eta makinatik kanpo, bizitza gozagarria eta bizigarria dela berrikastea.

Benga, animo, astegun batez bakarrik.

Eta gogoratu: ez esan niri “XXX bazina, konturatuko zinateke XXX-ok ezin dugula Whatsapp gabe bizi”, ni ere gauza asko naiz, hala nola, seme, lagun, maitale, senide, aktibista…, eta ez dut, ezabatu nuenetik, Whatsapp-en beharrik sekula sentitu. Ez zara gai izango jakinarazpenen ariketa hau egun bakar batez egiteko? Saiatu zaitez! 290 egun daramatzat erre gabe, helduko da momentua non Whatsapp jakinarazpenak jasotzeko monoa zenbatzeari utziko diozun.

Gogoratu beste hitzok:

Eragin okerrak, lotura zaharrak / Zure erara bizitzen uzten ez zizutenak / Orain nahi duzuna egin dezakezu / Mundu bat egina zure neurrira.

Edo beste hark esaten zituen hauek:

Sentitu nahi dut, berriro aurkitu / hil aurretik bizia dagoela.

Fedibertsoaz bi hitz

Federazioa eta unibertsoa nahasten dituen hitza da fedibertsoa. Lagunartean erabiltzen dugun hitz geroz eta hedatuagoa, eta, beraien artean federatu daitezkeen softwareei egiten die nolabait erreferentzia. Hainbat gizarte sare digitalek osatzen duten ekosistema berriari.

Maila teknikoan baditu bere onurak, adibidez, hornitzaile bakarrarekiko dependentzia saihesten du. Adibide batekin errazago ulertuko delakoan nago. Erabat seguru nago Twitter zer den badakizuela. Maila teknikoan Twitter zerbitzari bat dago eta mikroblogintza sare horretan dagoen pertsona bat jarraitu nahi duen horrek, ezinbestean twitter.com-en izena eman beharko du. Hau da, ez dago twitter.eus, adibidez, sortzerik eta bertatik twitter.com jarraitzerik. Honen eraginez sare hori erabili nahi duen pertsona orok erabateko dependentzia dauka: twitter.com zerbitzaria. Ez dago software hori erabiltzeko beste aukerarik. Gauza bera gertatzen da Facebook-ekin, Youtube-rekin edo Instagram-ekin.

Edo azken asteotan hain bogan dagoen Twich-ekin.

Aspaldi Internet federatua izan beharko lukeela uste dugun horientzat, oso saila da hornitzailearekiko dependentzia hori zuritzea. Beste adibide bat jarriko dut, zuetako askoz eposta zer den jakin badakizue, eta erabat konbentzituta nago eposta zerbitzuren bat erabiltzen duzuela. Adibidez, ni.eus, gmail.com, riseup.net edo autistici.org. Milaka eposta zerbitzu daude. Imajinatzen duzue lagun bati eposta bat idazteko ezinbestekoa izatea biek gmail.com helbide bat izatea? Hau da, dabid@ni.eus-ek ezin bidaltzea eposta bat dabid@autistici.org-ra? Pentsaezina da. Zergatik? Pertsona bakoitzak nahi duen eposta zerbitzua aukeratu dezakeelako eta epostaren erabilera hornitzailearekiko independentea delako.

Gauza bera gertatzen da fedibertsoan. Pertsona orok dauka erabateko askatasuna zein zerbitzari erabili nahi duen erabakitzeko.

Hornitzailearekiko dependentziarekin apurtzeak, askatasun paradigma berri baten aurrean jartzen du erabiltzailea: norbera egiten du bere profil sozialen jabe. Beste adibide batekin aterrizatuko dut, mastodon.eus-en erabiltzaile bat daukat, @desertorea. Fedibertsoko beste edozein zerbitzaritik, adibidez mastodon.cat-etik, nire mezuak jarraitzeko aukera izango du hala nahi duenak mastodon.eus-en kontu bat ireki behar izanik gabe. Nor bere etxetik, beste batzuen etxeak bisitatzeko aukera emanez.

Euskaldunok mundura identitate propioarekin ateratzeko aukera emanez.

Hamaikatxo softwarek osatzen dute fedibertsoa eta euskaldunok ere zenbait txoko garatu ditugu dagoeneko. Adibidez, mastodon.eus mikroblogintzarako, baleafunk.eus, podcasta-ak saretzeko, pixelfed.eus argazkiak partekatzeko edo peertube.euskarabildua.eus bideoak igotzeko (azken honetan ezin da publikoki izena eman).

Euskararen nazioarteko egunean bertan hasi ginen azkena aurkezten: lemmy.eus.

Lemmy.eus euskarazko web-foro irekiak dira. Albisteak, bitxikeriak, nori galdetu ez dakizun hori, umorea, eztabaidak, hausnarketa sakonak, meme alprojak… eta auskalo zer gehiago aurkituko duzue. Dagoeneko zenbait komunitate osatu eta martxan jarri dira, hala nola, musika, literatura, sukaldaritza, euskara… euskaldunok erabakiko dugu noraino hedatu nahi ditugun foro hauek. Baliagarriak diren ala ez denborak bakarrik esango digu, baina denbora lerro publikoak osatzen duten algoritmoez nekatuta gaudenontzat, alternatiba eraikitzailea izango direlakoan gaude.

Bide batez, aipagarria deritzot gobernantza horizontaleko foroak direla esatea, hortaz, edonor da ongi etorria! Eta ez da jakintza teknikorik behar lan-taldean aritzeko.

Gehiago jakin nahi duenarentzat kaixo.lemmy.eus eskuragarri dago, azalpen guztiekin.

Erradikalizatu zaitez

Mundu guztiak erabiltzen du Youtube. Nik dakidanez, pertsona batzuk ezin dira bizi bera gabe. Erabili nahi ez dugunok ere, gauza batengatik edo beste batengatik, astean behin, gutxienez Googlen plataforma horretan bukatzen dugu. Dela politikariren baten esku-hartzea ikusi nahi dugulako, dela zerbait egiteko manual bat jarraitu nahi dugulako, dela gure talde gogokoenaren azken bideoklipa iritsi zaigulako. Input asko.

Baina, gutxienez, Youtubek gugan duen eraginaz jabetu beharko genuke.

Gauza jakina da, gizarte-sare digitalak erabiltzen ez dituzten askorentzat ere bai, sare horietako ahalegin handienetako bat haiekin gero eta denbora gehiago egotea lortzea dela. Youtube ez da salbuespena. Ziur nago askotan galdu egin zarela bideoen alboko barran, Youtubeko algoritmoak aulkiari itsatsita egon gaitezen proposatzen digun eduki zerrenda amaierarik gabeko horretan. Niri sarri gertatu zait.

Eta zerrenda hori osatzen duen algoritmoan dago gakoa. Oso ezaguna da Trump efektua, edo Youtubek eragin handia izan zuela Brasilen eskuineko igoeran eta herritarren erradikalizazioan. Sare sozialek herrialdeen egoera politikoan duten eraginaren bi adibide baino ez dira, agian ezagunenak. Psikologoetan dirutza inbertitzea, eraginkorra ei da haientzat. Zenbat eta gorroto gehiago sustatu gugan, orduan eta denbora gehiago egongo ei gara haiekin.

Okasinte hutsak garelako akaso?

Vox efektua ere aipatu nezake, baina ez dakit bide horretan Youtubek eragin handia izango ote zuen. Twitterrek eta Facebookek bai, argi dago.

Azterlan batzuek, esaten ari naizena ez ezik, aipatu besterik egin ez dudan honen sakontasuna ikertzen hastea ere bermatzen dute. Baliteke Youtubek sinetsarazi nahi izatea bere algoritmoaren programazioak ez duela sustatzen edukiaren erradikalizazioa, baina gero eta pertsona gutxiagok sinesten dugu.

Atzo bertan, Mozilla Foundation-ek plugin berri bat aurkeztu zuen Firefox-entzat, Youtube Regrets Reporter. Mozillari horrelako bideoen berri eman ahal izateko. Konspirazioak, erradikalizazioa, gorrotoaren sustapena… plugin horren bidez berauek salatzera gonbidatzen gaituzte. Youtubeko algoritmo erradikalizatzailearen programazioan ikertzeko, frogak biltzeko eta eragina izateko itxaropen hutsarekin.

Nik instalatu dut dagoeneko.

Etsaiak sistema ezagutzen du

Azken hileotan Marta Peirano kultur eta teknologia kazetariaren azken saiakera liburua irakurtzeko denbora hartu dut: El enemigo conoce el sistema, (Debate). Liburuaren lehen edizioa irten zenetik irakurri nahi banuen ere, irakurtzeke daukadan liburu zerrendak ez du mugarik ezagutzen. Izaroren aupada behar izan nuen liburua erosi eta irakurtzeko.

Liburu honen azpititulua, gutxi gora behera, honela itzuli genezake: Ideien, pertsonen eta eraginen manipulazioa arretaren ekonomiaren ondoren. Eta kontrazalak berak bakarrik dozena erdi blog bidalketa idazteko aukera eskaintzen dit. Honela dio kontrazalaren lehen esaldiak: Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere. Bi esaldi hauek aipatze hutsarekin, liburua irakurri behar nuela suposatuko duzue. Are gehiago, esaten badizuet Marta Peiranoren TED hitzaldiaren bideoa – Zergatik zelatatzen naute, inor ez banaiz? -, aspaldi honetan hack.in#badakigu-ren izenean eman ditugun pribatutasun hitzaldi eta tailer guztietan jarri dugula. Bideoak bi milioi ikustalditik gora ditu Youtuben.

Tira ba, hasiera hasieratik engantzatu nau saiakera honek. Teknologia liburu bat izateko, oso hasiera berezia daukala iruditu zait. Izan ere, liburuan zehar erabiliko duen argudio bat azaltzeko – dopaminak gugan duen eragina -, teknologian zentratu beharrean lurrinen merkatuan zentratzen baita. Lehen lau orriak argumentatzeko erabiltzen dituen argudioek, desberdina izango den zerbaiten aurrean aurkitzen garela adierazten digute.

Eta hala da. Adikzioa, azpiegiturak, zelatatzea, algoritmoa, iraultza, negozio eredua eta manipulazioaren inguruan berba egiteko gaitasun itzela erakusten du liburuak dituen zazpi ataletan zehar. Gainera, bere argumentuei indarra emateko erabili dituen oharrek ere, indarra emateaz gain, testua borobiltzen dute.

Sare askeekin amets lizunak ditugunontzat, oso irakurketa interesgarria iruditu zait. Baita, edozein Internet erabiltzailerentzat ere. Interneten egunero darabilgun teknologiak kontrolatzen dituzten enpresa handiek gugan duten eragin maila ulertzeko balio du. Baita eragin maila hori lortzeko erabiltzen dituzten joko eta diseinu zikinen inguruan hausnartzeko.

Gauza txar bakarra aurkitu diot. Ez dut Peiranorekin politikoki bat egiten. Izan ere, nire ustez irakurketa politiko sakonagoa beharko luke. Adibide bat jartzeagatik, idazleak behin eta berriro erabiltzen du arretaren ekonomiaren kontzeptua, baina nire uste apalean kapitalismo basatiaren ondorio besterik ez den egoera baten aurrean aurkitzen gara. Terminoen erabilerak, sakonagoa izan behar zuen. Iraultzen atalean alternatiben inguruan idazten duenean, oinarri sozialdun proposamenen bozgorailu izateko aukera esploratu izana eskertu izango nioke. Hacktibismoaz aritzea. Ez du egin. Antikapitalismoan sakondu izan balu, irakurketa borobila izango litzateke.

Edonola ere, irakurketa gomendagarria dela uste dut, jakinda, han idazten diren adibideak baino askoz gehiago egonik (eta posibleki interesgarriagoak), oinarriak ezartzeko hasiera on bat izan daitekeela.