Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz

Ez dakit kapitalismo berdeari ongi etorri egin ziona zehazki nor izan zen. Baina badakit zein asmakizunarekin egin zuen egoerak okerrera: erabiltzen dituzten kapsulak birziklatu ere nekez egin daitezkeen kafe-ontzi horiekin. Seguru nago hori izan zela gure etxeetan sartu genuen lehenetarikoa. Aipatu bezala kapsulak ez ziren oso birziklagarriak eta ondorioz eztabaida sutsua eman zen enpresaren kontra sare sozialetan. Aluminioa eta plastikoa. Eta barruan kafe hondar organikoak.

Beraien inbertsioa kolokan ikusi eta konpostagarriak ei ziren materialekin egin zuten kapsula. Eurek sortutako arazoa, eurek konponduz. Eta denak harro. Nolanahi ere, begi bistakoa da kapsulen merkatuak hazten jarraitzen duen heinean, alternatiba jasangarriagoak eskaintzeko presioa ez dela izan litekeen bezain handia.

Kapsulen ondoren, milaka asmakizun berri iritsi ziren. Eta arazo ekologiko bat sortu ondoren, kapitalismo berdea deritzon osasun larrialdia eragin zuten. Aipatzekoa da ez dela ingurumen-kezka bat buruan dutena, baizik eta gehiago saldu ahal izatea eta gero eta kirats handiagoa duen berniz ekologiko bainu bat hartzea.

Eta lasterketa horrekin bat egiten duten azkenak mugikorrak dira.

Mugikorrak kargagailurik gabe saldu zituen lehen enpresa estatubatuarra izan zen, bigarrena txinatarra. Nik dakidanez, bietako inork ez zuen erabaki produktu berriaren prezioa jaistea, osagai bat gutxiago zuelako. Mugikorra, mugikorraren eta kargagailuaren prezio berean. Lehengo egunean lagun batek esan zidan Europar Batasunaren gidalerroak norabide horretan joango zirela, etxean kargagailu ugari ditugulako eta ez dagoelako gehiago eduki beharrik. Eta ideia logikoa da. Kapitalismo basati batek eutsiko ez balio.

Gailu elektronikoen kargari dagokionez, lehenik eta behin nabarmendu behar da azken urteetako berrikuntzaren zati handi bat baterietan zentratu dela. Karga azkarra, karga magnetikoa, haririk gabeko karga… Erosten ditugun mugikorren karga-abiadurak gero eta handiagoak dira. Nire aurreko mugikorrak 18W-ra kargatzen bazuen oraingoak 33W-ra egiten du. Ez daukat 33 W-eko kargagailurik, mugikorrarekin zetorrena ez bada. Aurrekoa erabiliko banu, ez nuke erabiliko ordaindu dudan karga azkarra. Eta zer gertatuko litzateke? Ba, funtsean, mugikorrarekin ez datorren kargadorea erosiko nukeela. Marketinak saldu, nik ordaindu eta enpresak lapurtu didan hori berreskuratzeko asmoz. Berriz ordainduz. Noski.

Hala ere, enpresak berdetzat joko luke bere burua.

Enpresa ustez berde horiek ingurumenaz benetan kezkatuko balira, mugikor modularrak egitea daukatela bururatzen zait. Horrela, mugikorreko kamera apurtzen badut, ez dut beste guztia erabiltzeari utzi behar. Kameraren modulua erosten dut, aldatu egiten dut eta gailua normal erabiltzen jarraitzen dut berri-berriak dauden gainerako osagai guztiekin. Ez da ingeniaria izan behar antzemateko horrela erabat erabilgarriak diren osagai informatiko gutxiago baztertzeko moduan egongo ginatekeela. Baina tira, ideia hau ez da nirea. Berria ere ez da oso berria.

Era eta bide berean, eskertzekoa litzateke zaharkitze programatuaren teknikak erabiltzeari utziko baliote.

Baina ez. Kargadorea kendu. Proposatzen ditudan biak beraien negozio ereduaren kontra egiten dutelako. Denak berdin jarrai dezan.

2 erantzun “Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz” bidalketan

  1. […] litzateke egoera honetatik ateratzeko beste modu bat, Dabid Martinez informatikari eta aktibistak Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz artikuluan azpimarratzen duen bezala. Denbora luzeko osagai elektronikoak sortu, diseinatu, erosi, […]

  2. […] litzateke egoera honetatik ateratzeko beste modu bat, Dabid Martinez informatikari eta aktibistak Kapitalismo berde teknologikoaz bi hitz artikuluan azpimarratzen duen bezala. Denbora luzeko osagai elektronikoak sortu, diseinatu, erosi, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude