5G-aren kontra nago: Ondorio gisa

Honaino beste aurreko lau artikuluak irakurrita heldu bazara, estutua merezi duzu. Eta eskertzen dizut nire arrazoiketa ulertzeko eskaini didazun tartea.

Lau aste daramat 5G teknologiaren inguruan idazten blog honetan. Lau zutabe nagusitan arrazoitu dut nire oposizioa. Lehen zutabea desazkundea izan zen, bigarrena justizia soziala, hirugarren arrakala-teknologikoa eta laugarrena, bere burua bonus track gisa aurkeztu zuena, pribatutasuna. Egongo da pentsatzen duenik koldarra izan naizela osasunaren gaia mahaigaineratu ez izanagatik. Eta akaso arrazoia izango du. Egia esan gai horrek ez du sekula interes handiegirik sortu nigan. Ez gai mamitsua ez delako, baizik eta ez dudalako uste, lehen artikuluan idatzi nuen moduan, erradiazio elektromagnetikoa etsai ikusezina denik. Gainera, gailendu nahiko nuke ez naizela osasunaren gaian matxinatu behar 5G-aren kontrako argumentazioa sendotzeko.

Zuek ere hala ikusi eta ulertu izana espero dut.

Hasierako artikuluan teknologiaren desazkunde kontrolatuaren alde lerratu nintzen, nire ustez ezinbestekoa delako teknologia desazkunde bat ematea planeta honetan biziraun nahi badugu. Fokotik kanpo geratzen diren zera horietako zenbait azalera ekartzeko bide horretan oso lagungarria izan nituen bi liburu gomendatu nahi dizkizuet honaino heldu zaretenoi. Biak dira Carlos Taiborenak eta Catarata argitaletxearenak, lehena, Capitalismo terminal, transición ecosocial, ecofascismo eta, bigarrena, Ante el colapso: Por la autogestión y por el apoyo mutuo. Bigarren artikuluan, Kolonbia, Kongo eta Txina ekarri nituen blogera, eta 5G-ak ezinbesteko duen mineralen ustiapen krudela eta zentzugabea zergatik den azaltzen saiatu nintzen. Hirugarren baten, agian argumentu gisa saltzea gehien kostatzen zaidana, marketinak aktibistongan ere eragina daukalako, arrakala-teknologikoa. Argudiatuta herri askotan nahiko genukeela aspaldi mundu osora hedatu zen zuntz-optikoa baliatzea. Eta bukatzeko, laugarren artikuluan, pribatutasuna jarri nuen erdigunean, ustez, konspirazio teorietan ez erortzea lortu nuela. Pribatutasunean sakondu nahi duzuenoi beste liburu bat gomendatuko dizuet, Criptica eragilearen Resistencia Digital. Manual de seguridad operacional e instrumental para smartphones.

Artikulu bat eskaini ez badiot ere, nahiko nuke beste kontu bat ere aipatu ondorio gisa: tekno-siniskeria. Uste dut geroz eta pertsona gehiagok teknologia Jaungoiko ahalguztidun gisa sentitzen dugula. Behin baino gehiagotan idatzi dut hemen. Gutariko askok telefonoari burumakur otoitz egiten diogu, baina izan gaitezen zentzudunak eta sustatu ditzagun teknologia libreak bai, baina kontrolatu ditzakegunak, kritikoak, horizontalak, aukeran asanblearioak, osasuntsuak eta, noski, beste herriekiko justuak. Oinarri sozialak izango dituztenak. Bizi guztiak bizigarri bihurtzeko aukera eskaintzen dizkigutenak. Inor bidean lagatzen ez dituztenak. Herritik eta herriarentzat sortuak. 10 urte baino gehiago daramagu lelo berbaerarekin. Momentuz ez gara errepikatzeaz nekatu.

Tekno-siniskeria kontzeptu erlijioso gisa nolabaiteko goragale modukoa ematen dizuenoi, laugarren liburu bat gomendatuko dizuet. Sergio Legazena da hau, Sal de la Máquina: una guía para sobrevivir a la distopía de los smartphones.

Eta en fin, hau izan da blog honek, sortu zenetik, inoiz baino bisita gehien lortu dituen hilabetea. Horrek jakitera emetan dit, interesa, eta ezjakintasun bezain ikasteko gogo, dagoela gai honekiko. Eskertuko dizut blog bidalketa hauek zure ezagunen artean saretzen badituzu, ez bereziki nire egoa handitzeko, baizik eta eztabaida sano eta parte-hartzaile bat eman dezagun.

Eskerrik asko artikulu sorta hau irakurtzeagatik.

Jarrai dezagun hurrengoekin, lagunok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude