5G-aren kontra nago (II)

Joan den asteko artikuluan 5G-aren kontra zergatik nagoen azaltzeko arrazoiketaren lehen zutabea ukitu nuen: desazkundea. Gaur 5G-ak proposatzen digun hazkunde teknologiko horren kontra aktibista gisa zergatik agertu behar dugun azaltzeko arrazoiketaren bigarren zutabeari ekingo diot: justizia sozialari.

Hemendik aurrera oso gordina izango naiz.

Agian norbaitek pentsatuko du populista ere naizela. Baina krudelagoa da pertsonekiko pairatzen dugun sistema ekonomiko hiltzaile hau.

Zure mugikor berrian pertsonen odola dago. Zaharrean ere bazegoen. Eta baita nirean ere. Izerdia eta malkoak ere badaude. Eta telefono mugikor bat erosten dugun bakoitzean, esklabotasun egoera sustatzen ari gara kolapso bidean edo kolapsoan dauden zenbait herrialdeetan. Eta honek zure ordenagailurako eta zure jarduera-eskumuturrekoetarako ere balio du.

Gailu guzti hauek gauza asko ezkutatzen dizkizute.

Bakerantz zenbait aurrerapen egin diren arren, munduan zehar, komunitate askotan oraindik ere talde armatuak daude, sexu-esplotazioa, lan behartuak eta pertsonen trafikoa sustatzen jarraitzeko asmoz sortuak. Bazenekien lotura dagoela indarkeria horren guztiaren eta zure etxearen artean? Urrea, eta/edo koltana. Beti eskura duzun gailu batean dauden bi mineral: Zure telefono mugikorra.

Urrea, adibidez, zure telefono mugikorreko mikrotxipak lotzen dituzten zirkuitu inprimatuetan erabiltzen da. Kolonbiako urre ustiapenaren %80 legez kanpokoa edo kontrolik gabekoa dela uste da. Besteak beste, esklabotasun egoera, pertsonen kontrabandoa eta kapitalak zuritzea dakar.

Koltan delakoari dagokionez, Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko meatze gunerik garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu behar da. Han dago munduko koltan erreserben gehiengoa; mineral hori gabe, teknologia berrien iraultza, bereziki teknologia mugikorrarena, ezinezkoa izango litzateke. Kongoko koltana ustiatzeko asmoz sortutako gerra, infernurik okerrena bihurtu da hasi zenetik.

Urrea eta koltana mineral eskasak eta garestiak dira. Gatazkan dauden mineralak. Beste mineral asko ere egoera berean daude, Wolframa eta eztainua kasu. Mineral guzti hauek, ezinbestekoak dira gure gizartean 5G teknologia ezarrita dagoenean aldatu beharko ditugun 5G telefono berri guzti-guztiak eraikitzeko. Gainera, badakizu non amaituko duen bere bizitza zure telefono zaharra? Horixe ba! Ia-ia herrialde berberetan. Baina antenen parte ere badira mineralok, eta baita antena horietara konektatuko ditugun jarduera-eskumuturrekoen parte ere. Desproposito bat da. Zentzugabekeria bat. Badakit marketinak oso zail jarriko didala, baina oraingoz, erosketa hori saihestea gustatuko litzaidake.

Kongoko indarkeriaren erantzuleak gara. Gauza bera Kolonbian. Eta, aipatu ez badut ere, gauza bere Jieyang-en. Eta beste hamaikatxo tokitan ere. Gutxienez maila handi baten, lehen hiru kasuetan. Eta hori da, aurreko asteko artikuluarekin bat eginez, desazkunde teknologikoa defendatzeko beste arrazoietako bat. Hain zuzen ere, G5-ak proposatzen digunaren guztiz kontrako norantzan.

Bi gomendio egin nahi dizkizuet bukatzeko. Alde batetik, zuen telefonoak zer ezkutatzen duen ulertzea eta bestetik, teknologia horiek behar duten mihiztaduran ematen diren baldintza laboralen inguruan Xu Lizhi-ren poema sorta hau irakurtzea.

Milaka pertsona hilko dira guk banda-zabalera handiagoa izan dezagun.

Hurrengo artikuluan ikusiko dugunez, behar ez dugun banda-zabalera.

3 erantzun “5G-aren kontra nago (II)” bidalketan

  1. […] Dabid Martinezek Leihotik Ihesi blogean. […]

  2. […] Hasiko naiz esaten artikulu hau dela argumentatzea gehien kostatu zaidana. Hala ere, uste dut nahikoa duin geratuko dela aukera bat emateko. Dakizuenez, bi artikulu idatzi ditut azaltzeko zergatik nagoen 5G teknologiaren aurka. Lehenengoan, proposamen kapitalista, desazkundearen ikuspuntutik, aztertzen nuen. Bigarrenean, justizia sozialaren ikuspegitik. […]

  3. […] Lau zutabe nagusitan arrazoitu dut nire oposizioa. Lehen zutabea desazkundea izan zen, bigarrena justizia soziala, hirugarren arrakala-teknologikoa eta laugarrena, bere burua bonus track gisa aurkeztu zuena, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude