Apple bi hippyk sortu izanak ez du ezer aldatzen (Apple Inc. zuritzea II)

Gaurko gaia: Apple Inc. (aurrerantzean Apple). Hemendik aurrera jarraitzea, zure ardurapean.

Gustatuko litzaidake aurreko astean The (double) social dilemma artikuluaren iruzkinetan izan genuen eztabaidako puntu bat jarraitu ahal izateko, artikulu gisa berridaztea neure ikuspuntua.

Apple bi hippyk sortu izanak ez du ezer aldatzen.

Apple-ek, publizitate bidez, sinetsarazten du enpresa desberdina dela; izkinako kafetegia balitz bezala iragartzen du bere burua, tokian-tokikoa izatearen balioen alde apustu eginez (eta, hala ere, 2019an 55.256.000.000 dolarreko irabazi gordinak izan zituen). Era berean, enpresa berritzailea dela sinestarazten digu (Xerox Altok hamaika urte lehenago idazmahaiko inguru grafikoa eta sagua zituenean). Eta, aldi berean, gurekin, gure datuekin eta gure segurtasunarekin arduratzen den enpresa dela esaten digu (eta egunero aurre egin behar dien kritika eta eztabaidak ez dira gauerdiko eztula).

Zoritxarrez, Apple-ren historia idatzita uztea luzea bezain aspergarria egingo litzaidake, eta Steve Jobs Jainkoaren parean utzi duten filmak nahikoak deritzot lan hori egiteko. Ez dute nire beharrik. Beharbada, ateoak zaretenok ulertu duzue jada arazoetako bat.

Apple-ren formak laburbiltzeko hiru adibide besterik ez ditut jarriko: pantenteen gerra, PRISM eta Edward Snowden kasua eta ingeniaritza fiskala.

Zuen baimenarekin azken puntutik hasiko naiz, uste baitut hori dela funtsezkoena pentsatzeari uzteko Apple izkinako kafetegian kafea zerbitzatzen digun pertsona dela. Apple, zergak saihesteko asmoz, hainbat herrialdetan duen ingeniaritza fiskalagatik kritikatu dute. Horrez gain, oihartzun handia izan dute Applek Asian azpikontratatutako enpresetako lan-esplotazio praktikek. Eta ingurugiro kaltetzeaz ohartarazten dituztenak, ez dira gutxi.

Wikipedian aurkituko duzue hau dena.

Eta azken puntutik hasi garenez, alderantzizko ordenan jarraituko dugu. Apple PRISM zaintza elektronikoko programaren zati izateaz seinalatua izan da. Programa hori Estatu Batuetako NSAren esku zegoen, Edward Snowden CIAko agente ohiak 2013ko ekainean iragazitako txostenen arabera. Edward Snowden-en memoriak irakurtzea gomendatzen dizuet. Vigilancia permanete, Editorial Planeta.

Baina laburrago Wikipedian.

Apple-k ehunka patente ditu, eta behin baino gehiagotan erabili ditu sektore bereko enpresei lehia zailtzeko edo HTML5 bezalako estandar libreen garapena geldiarazteko. Niri ez zait axola Samsung-ekin gerran aritzea. Baina Apple 80. hamarkadako kapitalismo modernoaren ikono den korporazio multinazional bat bihurtzen du. Nagusitasunezko posizioari eusten dio, monopolio salaketa eskaerak diruz konponduz eta, modu berean, lehia deuseztatuz, amaierarik ez duen patente-gerra baten bidez. Software librearen komunitatean, software-patenteen aurka gaude, garapena oztopatzen baitute; FSFren End Software Patents kanpaina, zergatiaren buruzko informazio-iturri ona izango da zuontzat.

Eta euskara? Badakizue zer gertatu zen euskararekin?

Izan zaitez arduratsua, eta gerra honetan norbaiten alde lerratu behar bazara, izan dadila burujabetza teknologikoaren alde. Software librean. Apple iragarki-produktuetatik at, edertasunetik at, ezer gutxi eskainiko dizulako. Eta horretara ere berandu heldu zen.

Gogoratu kontsumitzen duguna (ere) garela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.