Material didaktiko ona ala pribatutasuna?

Aste honetan bi gai nituen buruan artikulua idazteko.

Lehenengoa, Covid-19-aren aitzakipean kontaktuen jarraipena egiteko aplikazioei buruzkoa zen. Bigarrena eskola areagotua. Lehenbizikoa oso mamitsua da, baina bigarrenaren alde egingo dut. Gaur inoiz baino garrantzi handiagoa baitu.

Hezkuntzan ere erronka berriak utzi dizkigu Covid-19-ak, eta argi dago erronka horietako asko, teknologia lagun izanda gaindituko ditugula. Bistan da ez naizela hezkuntzan aditua, baina iruditzen zait material didaktikoak eta ikasleen ikasketa-beharrak egokitzen baditugu eta ikasteko aukera emango dieten plataforma teknologiko egokietara bideratzen baditugu, ikasle askori lagunduko diegula koronabirusaren ondorioz ikasketak ez geldiarazten.

Baina honek, berriz ere, dilema handi baten aurrean jartzen gaitu: on line estrategia didaktiko bat definitzean garrantzitsua da ezarri beharreko softwarea? Bada, badirudi askok ezetz sinestarazi nahi digutela, baina noski baietz, oso garrantzitsua da.

Gaur akaso atzo baino zentzu handiagoa du Hezkuntzan ere Librezalek duela hilabete batzuk aurkeztu zuen adierazpenak.

Izan ere, nik interpretatzen dudanaren arabera, bi aukera besterik ez zaizkigu aurkezten. Lehena, funtsezkoena material didaktikoa dela argudiatuz, datu erauzketatik bizi diren -eta aberasten diren-, enpresen aplikazioen erabilera sustatzea da. Bigarrena, hezkuntza-arloko burujabetza teknologikoa material didaktikoa bezain garrantzitsua dela onartzea. Bigarren kasu honetan, gure ikasleek material didaktiko onena izateaz gain, multinazional handien mende ez egoteko moduak bilatzea da erronka honen oinarria.

Ni bigarren interpretazioaren aldekoa naiz.

Hau da, gaur eztabaidatu beharrean, atzo eztabaidatu behar genuena: ikasgelak ikasgeletatik atera eta etxera eramateko bidea, nola egin? Horretarako, ezinbestekoa da software libreko irtenbideak sustatzea eta gure esku dauden neurri publiko guztiak jartzea, ikasleek Internetera konektatu gabe, ikasteko ordenagailurik gabe, ikasteko espazio egokirik gabe eta pribatutasunik gabe gera ez daitezen.

Zer nahiago duzu mediku euskalduna edo mediku ona? Bi gauzak. Ondo da, bada, iritsi da unea, galdetzen digutenean, zuk zer nahiago duzu ikasleak eskolara “joatea” edo ikasleen pribatutasuna errespetatzea? Erantzun dezagun: bi gauzak.

Zoritxarrez, hemen ez dago tarteko biderik, informatika 0 edo 1 da. Burujabetza teknologikoa dago edo ez dago. Bistan da, gaur, ez dagoela. Agian, norbait damututa dago Euskaltel oparitu izanaz. Damutze hitzaren adiera ezagutzen badu behintzat.

Laburbilduz, kontrakoa saldu nahi badigute ere, sendagile ona izatea ez da bateraezina euskaldun izatearekin, eta online ikastea ez da bateraezina pribatutasuna errespetatzearekin.

Baina prest gaude, behingoagatik bada ere, gauzak ondo egiteko? Ikusiko dugu.

2 erantzun “Material didaktiko ona ala pribatutasuna?” bidalketan

  1. […] Martinezek Argia aldizkariko Leihotik Ihesi […]

  2. […] Aurrekoan, hezkuntzaren esparruan burujabetza teknologikoa sustatzeko beharraz hitz egin nuen. Ikasleen pribatutasunaz eta datu horien erauzketatik ekonomikoki bizi diren enpresa handiak aipatuz. Argumentatu nuen, garrantzitsuena ez dela ikasgaien material didaktikoa soilik: material hori nola ematen dugun pentsatzea ere garrantzitsua dela. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude