Txibato

1997. urtean Kojon prieto y los Huajolotes taldeak, ¡¡Echale guindas!! izeneko diskoa kaleratu zuen. Disko horren hirugarren abestia, Txibato bezala izendatu zuten. Honela laburtuko nuke abestia: azken horietaz hitz egingo dizuet nik, arkume aurpegia duten txakurrak, gizarte ororen Judak diren faltsu eta koldar horietaz.

Ez larritu txota: prakan daramagun telefono mugikorra da gaurko protagonista.

Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE), telefonia mugikor hornitzaileen ezinbesteko laguntzarekin, mugikortasunari buruzko azterketa egingo du. Antza denez, informazio anonimoa erabiliz. Helburua, beraien esanetan, mugikortasun azterketa burutzea da. Horretarako, zortzi egunetan zehar, gure telefono mugikorrek sortzen dituzten lokalizazio datuak zelatatuko dituzte – azaroaren 18tik 21ra, azaroaren 25ko eta abenduaren 24ko jai egunetan eta 2020ko ekainaren 20an eta abuztuaren 15an -. Hornitzaileen datuak ustiatuz.

Azterketa hau burutzeko Espainia – eta zoritxarrez, Hego Euskal Herria -, 3500 gelaxketan banatuko dute. Gelaxka bakoitzak, gehienez, 5000 erabiltzaile izango ditu. Hau da, gelaxkek hartuko duten lursail kopuruari erreparatuz gero, handiagoak izango dira herri txikietan eta txikiagoak hiriburuetan. Behin aipatutako gelaxkak osatuta, gaueko hamabiak eta goizeko seiak bitartean, sakelakoen posizioa hartuko dute. Hasierako konexio honek, bizilekua ezarriko du. Gero, goizeko bederatzietatik arratsaldeko seiak bitartean, pertsonen fluxuak aztertuko dituzte. Hau da, zein gelaxkatik zein gelaxkara mugitzen garen begiratuko dute. Nola jarraitu gauez mugitzen diren herritar kopurua? Eguna sei tartetan banatuz, eta tarteak banaka aztertuz.

Movistar, Vodafone eta Orange izango dira azterketa honetarako parte-hartuko duten ezinbestekoak eta argitzeke dago beraien azpiegitura erabiltzen duten beste hornitzaileek ere zelatatuko gaituzten. Txibatoa, noski, gure telefono liluragarria izango dira. INE-k ez du, kasu honetan, geure Internet konexioa zelatatu behar, izan ere, nahikoa delako gelaxka bakoitzean dauden telefonoak, banaka, triangulatzea. Jakingo duzuen moduan gure telefono mugikorrak, etengabe, telefonia azpiegiturari hurrengo mezua bidaltzen dielako: “Kaixo, Dabiden telefonoa naiz, hemen nago, bada berririk niretzat?”.

Baina ez nuke inor larritu nahi. Izan ere, edozein egunetan gure telefonoetan burutzen den azterketa baita – datuak anonimoak izango diren, LOPD legea edo RGPD legea urratuko duten, Txinan gobernuak herritarrak zelatatzen ote dituen… eztabaida albo batera usten badugu behintzat -.

Begiztatzen zait Espainiak behaketa masiboak egiteko gaitasun teknikoa duen ziurtatzeko proba interesgarria izan daitekeela. Baina – euskaldun gehienok dakigun bezala -, Espainiako gobernuak ez luke, sekula, horrelakorik egingo. Azterketa honetatik at geratu nahi duenak, konponbide zaila dauka. Telefono mugikorra erretzeaz aparte, ez zait bururatzen beste proposamenik. Baina poltsikoan daramagun txota txibatoak – geroz eta gehiago – gure bizitzaren kontrola hartu duela kontuan hartuta… ez deritzot proposamen txarra denik.

Ez izan zalantzarik, momentu honetan zure telefonoa zu zelatatzen ari da.

DebConf 2020 (edo, Palestina askatu)

Debian, GNU/Linux sisteman oinarritzen den banaketa askea da. Dakizuen moduan, GNU/Linux banaketa asko daude, Ubuntu, Suse, Red Hat… eta norberaren behar izanen edo gustu pertsonalen arabera erabaki genezake zein den erabilgarrien suertatzen zaigun GNU/Linux banaketa.

Banaketa bakoitzak bere komunitate sendoa izan ohi du eta Debianek – 25 urte baino gehiago dituen banaketa izanik – komunitate sendo, parte hartzaile, eguneratu eta finko bat duela esan genezake.

Debian komunitatea sendotzeko asmoz, Debian proiektuak urtero DebConf izeneko jardunaldiak antolatzen ditu. Komunitateak osatzen dituen norbanako desberdinek elkar ezagutzeko aukera interesgarria izateaz gain, Debian sistema eragile eta proiektuaren inguruan sakon berba egiteko – eta erabakiak hartzeko – parada eskaintzen du.

Munduko hamaikatxo txokotan antolatu izan dira azken urteotako DebConf jardunaldi desberdinak. Datorren urtekoa – hau da, 2020koa – Palestinako lurralde okupatuetako Haifa hiriburuan antolatuko da.

Ez gara gutxi izan Debian proiektuari 2020ko DebConf-a lekuz aldatzeko eskatu diegunak. Izan ere, software librea maite dugun askok, aktibista sozial eta politikoak garela gardentasun osoz adierazten dugu aukera dugun bakoitzean. Hauen artean, Israel estatu genozida bezala definitzen dugunok ez gara falta. Maila aktiboan Israelen kontrako BDZ – boikota, desinbertsioak eta zigorrak – kanpainan parte hartzen dugunok ere bagara, Debian sistema eragilearen komunitatean parte hartu edo Debian ahal bezain beste zabaltzeko lanetan aritzen garenok.

Horrexegatik ez dut begi onez ikusten Debian bezalako proiektu askatzaile batek, Israel moduko herrialde genozida baten zuriketa egitea. Nire aburuz, 2020ko DebConf-a Haifan egingo balitz, Debian proiektuak eta berau sustengatzen duen komunitateko kide aktiboenak, Israelgo estatuarekin normaltasunean oinarritzen diren harremanak mantentzeko moduko egoeran gaudela adieraziko lukete.

Eta egoera oso bestelakoa da.

Palestina gauza asko izango da, baina zoritxarrez ez da ohiko egoera sozial eta politikoa bizi duen herrialdea. Debian bezalako proiektu libre batek, ez ohiko egoera hau bistaratzen lagundu beharko luke. Horretarako bide bakarra ikusten dut: Palestinak pairatzen duen egoera sozialaren azterketa sakona egin ostean, 2020ko DebConf konferentzia lekuz aldatzea eta palestinarren egunerokotasun umiliagarria aldatzeko beraien burua BDZ kanpainan modu aktiboan txertatzea.

Garaiz daude.

Hodeia ez da existitzen

…beste norbaiten ordenagailua da.

Aurtengo Euskarabilduaren webgunean sartzen bazarete, hori izango da jasoko duzuen lehen mezua. Hodeiak horrenbeste indar hartu duen garaiotan, primerako ideia deritzot burujabetza teknologikoaren inguruan hausnartzeko parada hartzea. Ez hodeia burujabetza teknologikoaren kontra doalako, baizik eta zer nolako hodei mota nahi dugun hausnartu beharrean aurkitzen garela uste dudalako.

Aipatu bezala, burujabetza teknologikoa ardatz hartuko duen 2019ko Euskarabilduaren zortzigarren edizio honek, egitarau oso interesgarria jartzen du gaiaz hausnartu nahi duenaren eskura. Atal desberdinetan banaturik, burujabetza teknologikoaren inguruko esperientziak konpartitu nahi dituzte, foko argi bat ezarriz: burujabetza teknologikoaren alde estrategikoa. Bejondeiela!

Hitzaldi guztiek oso itxura interesgarria badute ere, bik bereziki motibatzen naute: alde batetik, TEKS sareak aurkeztuko duen “Euskal Herriko erronkak, burujabetza teknologikoaren ikuspegitik” eta, bestetik, Donestech eragilearen “Soberanía tecnológica: Trayectorias, valores y comunidades”. TEKS sarearena Euskal Herrian ditugun behar izan propioetara begiratzeko aukera emango digula aurreikusten dudalako – izenburu horrekin, zer bestela? – eta bigarrena, Donestech-ena, emakumeek teknologia berriekin duten harremana aztertzen duen eragilea izanik, oso proiektu interesgarriak egiten dituztela kuxkuxeatzeko aukera izan dudalako. Argi dago Euskarabilduak genero ikuspegia zaindu duela berriz ere. Arlo teknologikoan bereziki eskertzekoa iruditzen zait.

Baina ezin dut artikulu hau bukatu Xabier Barandiaranen “Maritxu nora zoaz? Nola egin (eta zergatik ez atzeratu) erakundeen trantsizio teknologikoa” aipatu gabe. Izan ere, Xabierrek esaten eta idazten dituen guztiak gure erabateko arreta merezi dutela uste duten horietakoa naiz. Baina, Argiako Creative Commons lizentzien inguruko hausnarketa ere aipatu nahiko nuke, izan ere, irakurketa oso interesgarria plazaratu zuten.

Badakizue zer? Hementxe bukatu behar dudala. Ezabatu zuen garunetatik irakurri berri duzuen guztia eta ideia bakarra artxibatu: aurtengo Euskarabilduaren egitarau osoa da interesgarria.

Zoritxarrez ezinezkoa zait Donostiako San Telmo museora, Urriaren 24an joatea. Eta benetan diot zoritxarrez dela, errepikatzen bainaiz ere, aurtengo Euskarabildua zinez interesgarria iruditzen zaidalako eta bertan egingo den hausnarketa hezkuntzarentzat oso baliagarria izan daitekeela uste dudalako. Streaming-a egotekotan, entzuteaz konformatu beharko naiz oraingo honetan. Eta tarteka-marteka sare sozialetan komentatzen dena irakurtzeaz.

Aukera izatekotan, gerturatu zaitezte aurtengo Euskarabilduara, ez dut uste, inondik inora, damutuko zaretenik.

Teknologia, herritik eta herriarentzat

Irailaren erdialdean Edward Snowdeni egindako elkarrizketa irakurri nuen El Diario egunkarian. Marta Peirano zen elkarrizketa, bideokonferentziaz, egiten zion kazetaria. Azken hilabeteotan, interneten pribatutasunaren afera aztertzen dituzten liburu oso interesgarriak idatzi dituzten idazle bi klik bateko distantzian (Vigilancia permanente, Edward Snowden eta El enemigo conoce el sistema, Marta Peirano).

Halabeharrez irakurri behar nuen elkarrizketa.

GDPR (General Data Protection Regulation) legearen inguruko hausnarketa interesgarriak egiten hasten du elkarrizketa Snowdenek. Titular oso interesgarriak utziz. Hala nola, “Gobernuek beren agintea plataforma teknologiko handien esku uzten hasi dira” edo “Europako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ez da eraginkorra izango plataformek urtero beren etekinen % 4 isunetan ordaintzen duten arte“.

Eta zer pentsatu ematen badu ere, ez da gai hori gaurko dudan helburua.

Teknologiaren inguruan berba egiten dugunean, Marta Peiranok bere liburuaren kontrazalean idatzitako lehen esaldia kontuan hartuz mintzatzen gara teknologia maite dugun – eta eraldatzailea izan daitekeela uste dugun – aktibista askok, ni barne: “Sarea ez da librea, ez irekia, ezta neutrala ere“. Izan ere, nire aburuz, eztabaidaren funtsa ez da teknologia erabili behar dugun edo ez, baizik eta, teknologia horri zein erabilera ematen diogun eta norentzako lan egiten duen. Auzia, askotan aipatu dudan bezala, ez delako teknologikoa, politikoa baizik.

Estatuek, geroz eta gehiago, interneteko enpresa teknologiko handien zerbitzuak kontratatzen dituzte. Gauza anitzetarako erabiliz. Hauteskundeak manipulatzeko asmoekin ikusi ditugu – eta ez naiz ari AEBetaz, Espainiar estatuaz baizik -, metadatuetan oinarritzen diren hilketak ikusi izan ditugu eta protestak zelatatzen eta aktibistei ikara sartu nahian ikusi ditugu, behin eta berriz. Aipatu dudan azken kontzeptuan sakontzearren, beraien egiteko eran kontraesan bat dagoela aldarrikatu nahiko nuke: zaila egiten zait pentsatzea nolatan, zilegitasun osoa duten protesten aurrean, Internet mozteko prest dauden gobernuak geroz eta gehiago diren.

Edonola ere, Snowdenen Vigilancia permanete irakurtzen nengoela ideia bat berretsi nuen: ezinbestekoa dugu sare banatu eta mikrozerbitzu propioak martxan jartzea – software, hardware eta sare mailan – eta sistemak eskaintzen dizkigunei uko egitea. Hack.in#badakigu-n aspaldi gabiltza hurrengo esaldi hau erabiltzen: “Sistemak eskainitakoari uko egin eta alternatiba kolektiboak sortu”. Orain hamar urte zentzudun leloa zen. Are zentsu gehiago du gaur egun.

Horregatik iruditzen zaizkit hain interesgarriak Errekaleorren joan berri zaigun irailean burutu genuen asanbladaren moduko ekimenak. Etorkizun teknologiko – eta politiko – inperfektuak sortzeko beste bide batzuk eskaintzen dizkigutelako. Bide batzuk, non, ez ditugula behar berretsi dezakegun.

Izan ere, oso argi daukat: “Teknologia, herritik eta herriarentzat“.

Ahots morroiak

Azken urteotan teknologiak izan dituen aurrerakaden artean, mugikortasuna bilatzen duten sistema eragile gehienetan ahots-morroiak ezarri izanak aipu berezia merezi duela uste dut. Ahots-morroiak, gailuekin – gehienetan gailu mugikorrekin – ahots bidez komunikatzeko aukera eskaintzen diguten adimen artifizialdun softwareak dira. Teknologia enpresa handienek nor berea garatu izan du azken urteotan. Pribatiboak, noski. Baliteke ezagunena Appleen Siri izatea, baina, Googleek Assistant dauka, Microsoftek Cortana, Amazonek Alexa… etab.

Ahots-morroi hauekin gauza desberdinak egiteko aukera dago, adibidez, alarma bat ezarri, musika jartzeko eskatu, domotizatuta dauden etxeetako argiak pizteko eskatu… Ahots-morroi guzti hauen helburua, gizakioi oso natural suertatzen zaigun komunikazioa erreminta erabiliz – ahotsa -, morroiak egin beharreko ekintzak azkar komunikatzeko aukera eskaintzea da.

Behintzat, hori saltzen digute.

Gailu hauek beraien abantailak izango dituzte, ez dut hori ezeztatu behar. Nahiz eta, nik neuk ez diet, momentuz, behar izanik justifikatzen. Edonola ere, honelako bozgorailu adimendun bat etxean sartu nahi duten horiei, zera esango nieke, ahots-morroi hauek dituzten pribatutasun arazoak kontutan hartzeko.

Izan ere, azken hilabeteotan, trepeta hauek sortzen dituzten pribatutasun arazo larrien berri izan dugu.

Apirilean, Amazoneko langileek Alexarekin berba egiten duten bezeroen elkarrizketak entzuteko aukera daukatela jakin genuen. Are gehiago, El País egunkariaren arabera, egunero zelatatze lan hori burutzen dituzten lan profilak daude Amazoneko langileen artean. Googlek berak ere onartu behar izan zuen, Googleeko langileek – eta beste hirugarrengo azpi-kontrata batzuk -, Google Assistantekin mantentzen diren elkarrizketa zatiak entzuteko aukera daukatela. Eta entzuten dituztela. Appleek, berdin, Sirirekin mantentzen diren elkarrizketak zelatatzen ditu, eta hori egiteko langileak ditu Espainian. Bukatzeko, Windows Mobille sistema eragileak besteekin lehia egiteko izan duen gaitasun eza dela eta, Cortana ahots-morroia W10 sistema eragilean zentratu dute. Baina helburu berberarekin.

Ez naiz gehiago tematuko.

Azken finean, logelan, sukaldean edo egongelan sartuko duzuena ez da itxura modernodun bozgorailua, egiten dizkiozuen galderak erantzun ahal izateko, etengabe piztuta egon behar duen kalitate handidun mikrofonoa baizik.