Dependentzia teknologikoaz

Joan den astean, Mastodon bitartez, burujabetza teknologikoaren bidean Sevillako Unibertsitateak emandako atzerapauso itzel baten berri izan genuen.

Interferencias, eskubide digital eta segurtasun informatikoaren inguruko eztabaida eta ekintzak sustatzeko talde ziberekintzaileak, Sevillako unibertsitateak hartutako erabakiaren berri ematen zigun. Unibertsitateko e-posta zerbitzariak software libre soluzioetatik, Microsoften zerbitzarietara migratuko dituzte. Albistea jarraituz, Sevillako Informatika Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan lan egiten duen David Benavides irakaslearen berri izan nuen. Bere Twitter kontuan, unibertsitateak hartutako erabakiaren berri emateaz gain, erabaki horrek burujabetza teknologikoaren inguruan suposatzen dituen arazoen laburpen argigarria egin zuen.

Bat egiten dut Twitter hari horretan Davidek egiten duen hausnarketarekin.

Euskal Herrian ere, geroz eta eskola gehiagok hartzen dituzte honelako erabakiak. Bai ume txikiei eskola hasi bezain pronto irekitzen zaien Google kontua, bai eskola batzuetan azken urteotan klaseak emateko ezinbestekoak diren Chromebook-ak, bai guraso-eskola komunikazioa bermatzeko WhatsApp mezuak. Euskaldunok ere, burujabetza teknologikoaren kontra egiten duten erabaki asko hartzen ditugu egunean-egunean.

Gurean, maila sozialean, burujabetza teknologikoaren aldeko giharra sendo egonik ere.

Software pribatiboa, eta oro har pribatutasuna zaintzen ez dituzten proiektuak edo aplikazioak aukeratzen ditugunean, gure kontrako zein gure erabiltzaileen kontrako erabakiak hartzen ari gara. Gaur egungo tendentzia software pribatibotik gure askatasun pertsonal eta kolektiboa bermatzen duten software libre proiektuetara migratzea izan beharko balitz ere, kontrako bidea egiten hasiak gara.

Agian, ez gara ohartzen burujabetza teknologikoaren bataila galtzen ari garela. Gurea beharko lukeen erabakimen ahalmena AEBn dagoen enpresa bati ematen diogula. Garapen eta ekonomia lokala sustatzeko baliagarri izango liratekeen proiektuak sortzeko aukerak kanpoan usten ditugula. Zerbitzu pribatuen eskuetan usten dugula, berriz ere, gure autonomia – eskoletan jantokiekin eta garbitasunarekin gertatzen den modu berean – edo sektore publikoa ahultzen ari garela. Etengabe.

Burujabetza teknologikoaren inguruko hausnarketa sakona egin beharko genuke. Besteak beste, hezkuntzan ere Librezale izan nahi dugulako.

Erantzun bat “Dependentzia teknologikoaz” bidalketan

  1. […] Elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa, informazio burujabetza, burujabetza feminista… hamaikatxo izan dira burutu diren proiektu, ekimen eta mobilizazioak. Taldeka edo nor bere buruarekin. Burujabetza teknologikoaren alde ere, proiektu oso interesgarriak gauzatu direla jakin badakit, baina oraindik ondo barneratu ez dugun kontzeptua dela esango nuke. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.