Koronabirusak ez zaitzala liburu gabe harrapatu: pandemiei buruzko literaturaren top-5a

Gorka Bereziartua
2

Denok ere normala baino urdurixeago gabiltzan egunotan –supermerkatu arpilatuak, maskara agortuak, apokalipsiari buruzko memeak– ez dut ikusi inongo informatibotan jende-olderik liburu-dendetan ero moduan, hilabeteetan isolatuta egoteko beharko diren literatura-erreserbaz hornitzen. Covid19-aren mehatxua oraindik oso serio hartu ez dugunaren erakusgarri, zalantzarik gabe: mundu guztiak daki denbora luzean etxetik irten gabe egon behar duen gizakia azkar samar aspertzen dela entretenimendu hutsalez eta, azkenik horretarako denbora daukanez, plazer artistikoetan sublimeenari lotzen zaiola, burua paperezko orri artean murgilduz, eternitatea bertan pasatzeko prest.
Asuntua serio jartzen denerako, ordea, komenigarria iruditu zait pandemia-giroan irakurri beharreko liburuen Top-5 bat egitea, klasikotzar handietatik hasi eta autore garaikideetaraino, etxean isolatuta egotea tokatzen denerako –edo, are, apokalipsiaren ondoren bizirauten dutenentzako– baliagarria izango delakoan.

John William Waterhouse, ‘The Decameron’ (1916).

Dekameronea, Giovanni Boccaccio (1351)
Gauzak ez dabiltza oso ongi Florentzia aldean izurritearen asunto honekin. Baina ez oraingo koronabirusa dela-eta, XIV. mendeko Izurri Beltzarengatik baizik. Hiriko jendea akabatzen ari den gaixotasunari iskin egin nahian, gazte talde bat –zazpi emakume eta hiru gizon– Florentziaren kanpoaldeko Fiesole herrira doaz beren burua isolatzera. Eta gainontzeko guztietatik bereizita dauden egunak arinago pasatzeko, elkarri istorioak kontatzen dizkiote. 100 ipuinez osatutako obra hau literatura italiarraren eta unibertsalaren ezinbesteko pieza da eta lasaigarria izan daiteke histeria giro honetan: azken asteek pentsarazi badizute koronabirusaren hedatzeak distopia futurista batean murgilduko gaituela, ez larritu, Dekameronea-ren hasiera leituta garbi geratuko zaizu datorrena duela 700 urte inguru bizitako zerbaiten remake bat besterik ez dela –tira, ez dakit hori oso lasaigarria den–. Liburua ez dago osorik euskaraz, baina Gabriel Arestik eta Matias Mugicak liburuko zenbait ipuin itzuli zituzten.
Caspar David Friedrichen margolan hau erabili izan da maiz Mary Shelleyren ‘Azken gizona’-ren edizio berrietako azaletan.

Azken gizona, Mary Shelley (1826)
Frankenstein (1818) idatzi izanagatik gogoratzen dugu nagusiki gaur egun Mary Shelley, baina haren beste lanetara hurbiltzen den edonork ikusiko duen moduan, bere garaiari aurrea hartu zion idazlea izan zen. Azken gizona-ren kasuan, Napolin aurkitutako –ups, berriz Italia– paper profetiko batzuek abiarazten dute istorioa: XXI. mendearen amaierara goaz, Lionel Verneyk, azken gizonak, bere bizitza kontatzen du. Hasieran Verneyren bizitza gatz askorik gabeko kontua da, baina 200 orrialderen ondoren tonu ilunagoa hartzen du. Asian –ejem– izurrite bat zabaltzen hasten da eta Istanbuleraino iristen da eta handik Europa osora. Hortik aurrera, desastrea: gizateria etsai geldiezin baten menpe erortzen da, horrorez beteriko eszenak eta anbizioak itsututa jokatzen duten pertsonaien nagusitasuna guztientzako onena nahi dutenen gainetik. Tira, ez da oso liburu esperantzagarria, titulutik igar zitekeen moduan.
Gallimard argitaletxeak publikatu zuen lehen aldiz Camusen ‘Izurria’.

Izurria, Albert Camus (1947)
Izenburua hori izanda, istorioaren nondik norakoak esplikatzea ez da oso beharrezkoa. Camusek liburuko lehen kapituluan idatzitako paragrafo honek merezi du ordea, batez ere koronabirusaren pandemia kontatu behar dutenentzat: “Honetara heldurik, lan handirik gabe onartuko duzue gure hiritarrek ez zutela inolako motiborik urte hartako udaberrian gertatutakoak espero izateko eta, ondoren konturatuko ginenez, kronika honetan jasotzen saiatuko garen bata bestearen atzeko gertaera larrien lehenengo ezaugarriak baino ez ziren izango. Gertakizun hauek naturalak irudituko zaizkio zenbaiti, eta beste zenbaiti, aldiz, sinestezinak. Baina, azken batean, kronikari batek ez dauzka kontuan izan beharrik honelako kontraesanak. Soilik zera esatea da bere zeregina: «Hau gertatu da», badakienean, jakin, hori benetan gertatu dela, horrek herri oso baten bizitzan eragina izan duela, eta milaka testigu daudela, berak azaldutako egia bihotz bihotzetik estimatuko dutenak”.
2008an film bihurtu zuten José Saramagoren ‘Itsutasunari buruzko saiakera’.

Itsutasunari buruzko saiakera, José Saramago (1995)
Covid19 entzun eta Playstationeko joko batean pentsatzen duzu –izan zitekeen ezker abertzaleko hauteskunde zerrenda bat ere, ilegalizatuta zegoen garaian–. Beldur handiagoa ematen du Saramagoren nobela honetako pandemiaren izenak: itsutasun zuria. Gaixotasunaz kutsatu diren lehenbiziko pertsonak jarraitzen ditu ordena sozialaren desagertze progresiboa kontatzen duen eleberri honetan barrena. Eta liburu honetaz ari garela, burura etorri zait titulua guztiz berrerabilgarria dela une honetantxe gure agintariak erretratatzeko: koronabirusaren krisia muturren aurrean edukita, gaitzaren hedapena mantsotuko luketen neurri drastiko baina eraginkorrak hartzeari uko egiten ari dira. Ez omen dago itsu okerragorik ikusi nahi ez duena baino.
Mundu distopiko batean girotua dago Atwooden trilogia.

MaddAddam trilogia, Margaret Atwood (2003, 2009, 2013)
Sartu koktelera batean ingeniaritza genetikoa, sekta erdi-erlijioso erdi-zientifiko bat, klase apalenen zapalkuntza, gaztedia bat bizitza alferrik botatzen duena bideo-jokoetan, pornografian, jolas sadikoetan eta irudi biolentoak ikusten eta erdi-zerri erdi-gizaki diren bizidun arraro batzuk: Margaret Atwooden distopia honetan pandemia batek kaosa eragiten du, bai, baina ez preseski lehenagotik ezagutzen zena oso orekatua zelako –multinazionalek dominatutako eta klase sozialetan gogorki estratifikatutako mundu bat baitzen–. Akaso hori da errepaso literario honen amaierara iritsita ikasi dugun gauzarik inportanteena: problema, beharbada, ez dela hainbeste pandemia globala, gure bizitzeko modua bera baizik.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA