Arte: nola ari den telebista kultural bat ikus-entzule millennial-ak bereganatzen

Gorka Bereziartua
0

Eskaintza digitalean aurrerapauso nabarmenak eginez, Arte kateak erreferentzialtasuna irabazi du.

Urte askoan intelektualentzako telebista katetzat hartua eta beraz “hotza”, “elitista” eta antzeko adjektibo ez oso maitagarriekin deskribatua, Arte telebista kateak, bitxia badirudi ere, momentu ona bizi du telebista konbentzionalaren eredua pikutara joaten ari den honetan, on demand eredura ongi egokitzen asmatu duelako. Le Monde egunkariak aste honetan publikatu duen artikulu baten arabera, audientzia irabazten ari da eta portzentajeei erreparatuz gero kate ikusiena izatetik urrun badago ere –ikus-entzuleen %2,8 inguru–, azken urteetan egindako apustuei esker publiko berria hasi da katea ikusten.

Garai zailetan audientzia irabaztea lortzeko gako nagusia: Arte-k programak nahieran ikusteko ematen dituen erraztasunak. Streaming plataforma erraldoiekin lehiatzeko moduko webgunea eta aplikazioak dauzka kate franko-alemaniarrak, France.tv-ren eskaintza digitalari, adibidez, aurrea hartu diotenak.
Berregokitzapena katalogoan ere nabari da. Batetik, emisio konbentzionaletik jada pasa diren edukien errepikapen digitalak ikusteko denbora luzatu dutelako –zazpi egunez egoten dira aplikazioan ikusgai, baina edukien %60 are denbora gehiagoz ere ikus daiteke–, horrela epe luzeko audientziak erakarriz eta fidelizatuz. Bestetik, hainbat telesail arrakastatsu Arte-k emititu dituelako, Borgen danimarkarrarekin hasitako apustuari beste ekoizpen europar batzuekin segida emanez –Squadra Criminale, Peaky Blinders…–. Horri esker, publikoak kateari buruz daukan irudia ere aldatzen ari da, dagoeneko ez baita “dokumental super interesgarri, baina gaueko ordu honetarako sakonegi” horiek ikusteko lekua bakarrik –nahiz eta dokumentalen eskaintza ez den gutxitu, kontua ez baita publiko berria lortu nahian betiko ikusleak galtzea–.
Portzentaje orokorrak hartuta Arte-ren audientzia oraindik txikia den arren, zenbaki handi batzuk azpimarratzeko modukoak dira: Mytho telesailak 2019ko azken hiruhilekoan 2,1 milioi ikus-entzule izan zituen, kate berean eman duten Il Miracolo-k baino zerbait gutxiago, azken honek 3 milioi ikusleren langa gainditu baitu digitalean. Eliza katolikoko emakumeek jasandako abusuei buruzko dokumental batek ere zifra potoloak lortu ditu –2 milioi–, erakutsiz dokumentalak ere izan daitezkeela publiko handietara iristeko formatua.
Audrey Fournierrek Le Monde-n egindako analisian beste bi osagai ere aipatu ditu, Arte-ren momentu gozoa esplikatzen laguntzen dutenak: 28 minutes magazine informatiboa, konkurrentzia handiko ordutegi batean arrakasta lortzen ari dena; eta publiko gaztea erakartzea lortu duen Arte Concert formatua, zeinean musika taldeen zuzeneko emanaldiak eskaintzen diren, telebistaz gain Facebook edo YouTube bezalako plataformetan –%25 hazi da 2018tik 2019ra bitartean kontzertu horien publikoa–.
Ez dakit kate honen loraldiak zerbait gehiago ere ez ote duen adierazten. Arte bokazio kultural nabarmenarekin jaio zen eta, ikus-entzunezkoak kontsumitzeko paradigma berria, bere plataforma ugaritasunean, bere biraltasunaren arintasun jasanezinean, agian beste tendentzia batzuk ere erakusten hasi da: ikus-entzuleen belaunaldi berrietako kide batzuk telesail konplexuagoetara ohituta daude, eduki landuagoetara, izendatzaile amankomunik txikienak agintzen zuen telebistaren aurrean beste maila bateko exigentziak dituzte. Kate nagusiek oraindik ez dakite zer egin telezailak betidanik ikusi dituen jende horrekin. Arte-k, antza denez, bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA