Nanni Balestrini hil da, Italiako mugimendu autonomoaren nobelagile esperimentala

Gorka Bereziartua
0

Nanni Balestrini astelehen honetan hil da.

Nanni Balestrini idazle italiarra hil da astelehen honetan. 1935ean jaioa, Italiako langile mugimendu autonomoaren kronista izateagatik eta bere idazkera esperimentalagatik zen ezaguna. 84 urte betetzeko hilabete pasatxo falta zitzaionean “gaixotasun labur baten ondoren” eman du azken hatsa Il Giornalen irakurtzen denez.

Obra zabal eta esanguratsua utzi du Balestrinik. Vogliamo tutto (Dena nahi dugu, 1971) nobela izango da haren heriotzaren ondoren gehien aipatuko den liburuetako bat, lan horrekin iritsi baitzen publiko handiarengana Fiat auto-fabrikako langileen borrokak eleberri eginez. Ondoren idatziko zituen liburuetan bezala, Italiako giro sozial gatazkatsuaren erretratua da, mundu berri bat sortu nahi zuen belaunaldiari idazkera berri bat eskaini ziona: letra xehez hasten diren paragrafoak, komarik ez, denbora azeleratzen den garai baten erritmoan kontatua.
Apustu horretan sakondu zuen ondorengo beste nobela batzuetan, Gli invisibili (Ikusezinak, 1987) bikainean besteak beste –nobela horren pasarte bat itzuli zuen Joserra Utretxek 1990ean Susa aldizkarian–. “1977ko mugimendua” gisa ezagutu zen gertakari politikoa zuen ardatz, alegia, Italian 1968ko errebolta giroari segida eman zion ezker estraparlamentarioaren mugimendua, zeinak alderdien eta sindikatuen gerruntzeak puskatuz, ordura arte ezagutu gabeko antolatzeko eta borrokatzeko moduak praktikan jarri zituen –baita errepresio ikaragarria jasan ere, heroinaren sarrerak ekarri zuen belaunaldi-traumaz gain–.
Atzeragotik zetozen Balestriniren urratsak: 1960ko hamarkadan garaiko talde literario esanguratsuenetako parte izan zen –Gruppo 63, besteak beste–, baita mugimendu autonomoko kide ere. Parte hartze politiko hori dela-eta, 1979an “talde subertsiboen antolatzaile” izatea leporatu zioten eta Frantziako Estatura alde egin behar izan zuen kartzela saihesteko.
Jazarpen horrek ez zituen Balestriniren konbikzioak batere apaldu. 2016an hitz egin zuen Maria Colera Intxaustik berarekin Bartzelonako Literal festibalean parte hartu zuela probestuz. ARGIAn publikatu genuen elkarrizketa berrirakurtzeak merezi du, honelako esaldiak irakurtzeko: “Historiako garai batzuetan matxinatzeko aukera egoten da, eta orduan egokia eta bidezkoa izaten da matxinatzea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA