Ubikeko lan-gatazkaz Markel Olanok adierazitakoa: fact check txiki bat

Gorka Bereziartua
0

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia Facebook Live bidez herritarren galderak erantzuten aritu zen asteazken honetan. Kolore guztietako politikariak ari dira horrelako gauzak egiten, ez baitaude alferrik hauteskundeak gainean eta azken urteetan oso aipatua izan den “boto likidoa” aintzat hartuta –alegia, jendeak lehen baino errazago aldatzen duela partiduz hipergarai hauetan–, sare sozialak hautagaien probaleku bihurtu dira.
Formatuak baldintzatuko zituen, segur aski, Olanoren adierazpenak: unean bertan jasotako galderei erantzuten aritzea ez da telebistako debate programatu batera joatea bezala, dribbling handiagoa eskatzen du, bertsolari sena eta erantzun zehatzak eskatzen dituzten kontuei bat batean aurre egin beharra.
Baina horretarako daude politikariak eta, batez ere agintean daudenez ari baldin bagara, ematen dituzten erantzunen kalitatea neurtzea ezinbesteko ariketa periodistikoa bihurtzen ari da, ebazteko zer den egia, zer faltsua eta zer sailkatu behar den “post-egia” deiturikoaren eremuan.

Bi minutu eta hemezortzi segundoko iraupena dauka Olanok Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko lan gatazkari buruz emandako erantzunak.
 
Azter ditzagun esan dituen pare bat gauza, errealitatearekin zer nolako harremana duten ikusteko.
Hauteskundeengatik egiten diren grebak?
Hauteskundeak ateetan daudela greben kontu hau asko ari da indartzen Gipuzkoan eta nik uste dut hori, azkenean, dela estrategia bat. Pentsatzen dute, batzuek behintzat, politikariak askoz ere ahulago gaudela, ematen duenez, hauteskundeen aurretik. Eta benetan iruditzen zait greben kontu hori zilegi izanda ere, oso modu nabarmena dela nola ari den orain hori pizten”.
Kasik ez da hemerotekarik ere behar Olanoren erantzunaren lehen zati hau bakarrik desmuntatzen dela ikusteko: gauza jakina da Ubikeko bitartekarien greba ez zela hasi hauteskundeek baldintzatutako giro batean. 2018ko abenduan iragarri zuten greba mugagabearen hasiera, aurretik lanuzteak egin ondoren –azaroaren 17an eta abenduaren 1ean–. Geroztik 90 egun pasa dira, beraz ez dira ari “orain hori pizten”. Erantzunaren zati hori faltsua da.
Jarrera bortitzak?
Eta beste aldetik jarrerak daude mahai gainean, eta nik uste dut Gipuzkoan azkeneko hilabete eta urteetan eduki dugun giro aldaketarekin zenbait jarrera soberan daudela: pertsonen kontra, ekitaldien kontra, erakundeen kontrako jarrera bortitzak, irainak, fisikoki ekitaldietan modu beligerantean egotea eta abar. Nik uste forma guzti horiek eta konportamentu guzti horiek sobran daudela Gipuzkoan”.
Kasu honetan, ekintzei ematen zaien graduaren araberakoa da Olanok dioenaren egiantzekotasuna. Baina “jarrera bortitzak” aipatzen dituen partea ere faltsua da. Ubikeko bitartekariek ez dute indarkeriarik erabili. Indarkeriarik gabeko ekintzaren bat bai, egin dute, adibidez Tabakaleran Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Etorkizuna Eraikiz komunikazio kanpainaren ekitaldi baterako sarbidea ukatu zietenean, bi grebalarik atean eserialdi labur bat egin zuten. Baina –herri honetan eduki dugun historiarekin hau gogorarazi beharra marka da gero– lurrean esertzea ez da bortizkeria.
Grebalariek erabili dituzten formen kontu honekin jarraituz, interesgarria da irakurtzea zer dioen “indarkeriarik gabeko komunikazioaz” Katakrakek publikatu duen La sociedad del rendimiento liburuan Sebastian Friedrich-ek: “Imajina dezakegu ugazaba hori, lan-prozesuak arrazionalizatzeko asmoz bere beharrak adierazten dituena modu erabat ez-biolentoan, baina aldi berean ez daukana soldatak igotzeko inolako interesik. Kontrara, soldatapean dagoen pertsonak adierazten du behar duela soldata hobea eta lan-denbora gutxiago”. Mota horretako egoera batean, bistan denez, parte bakoitzak bere postura adierazteko erabiltzen dituen formetatik harago, gatazka bat dago.
Ubiken kasuan ere bai. Eta Tabakalerako zerbitzu izarretako bat hiru hilabetez itxita dagoen egoera batean, ez dirudi aukera onena denik kontu formaletan zentratzeak, problemari heldu gabe. Are gutxiago hori egin ahal izateko aukera bakarra benetako gertakariak faltsutzea baldin bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA