Porrot erromantikoa, arrazakeria ilustratua

Gorka Bereziartua
0

Komedia inboluntarioa atera zaio Valeria Sarmientori.

Astelehenean Zinemaldiko Sail Ofizialean in egoteko, XVIII. mendeko estiloan janztea tokatzen zen, ileordeak, gerruntzeak, leotardoak eta ezpataren bat eskura, zer gerta ere. Le cahier noir eta Angelo filmek segur aski hori besterik ez dute amankomunean, garai bera irudikatzen dutela, gainontzean ikusleari oso sentsazio diferenteak eragin baitizkiote, antagonikoak ia.

Umore onez atera gara asko Valeria Sarmientoren Le cahier noir filmaren goizeko emanalditik, zine areto batean barrez aritu ondoren geratzen zaizun gorputz lasai horrekin. Problema da, zuzendari txiletarraren pelikula ez dela komedia bat. Edo ez du asmo hori behintzat. Baina publikoak, azkenerako, Leslie Nielsenen bat ikusten ariko balitz bezala jokatu du.
Eta arrazoiarekin, Camilo Castelo Branco idazle portugaldarraren folletoi estiloko nobela erromantiko bat egokitzen duen ekoizpen honek Raul Ruizen Misterios de Lisboa-ren txarrena baitauka (gain-antzezpenak, pertsonaia lauak, gidoi-errebuelta sinesgaitzak, naftalina usaina), baina onena gorde gabe (argazkia ez zaio orpora ere iristen 2010eko Sail Ofizialean ikusi genuenari).
Metrajearen minutu bakoitza pasa ahala proiektu zinematografiko hau sakonago hondoratzen ari zela ikusita, une batean ikusleek barkutik salto egin dute, filmak planteatzen zien itun fikzionalari uko egin eta Wazemank-eko sketch sorta bat balitz bezala ikusten hasi dira. Eta aizue, horrela bai funtzionatzen duela (Napoleonen eszena hori, imbécile!).
Ez da The Room izatera iristen, baina ei, Victoria Eugenian goizeko lehen orduan zine saio alproja bat edukitzea ez da batere plan txarra. Krispetak falta, pena.
‘Angelo’ ez da arrazakeria esplizituari buruzko film bat, konplexuagoa den bestetasunaren esplotazioarena baizik.

Oso bestelako sentsazioa uzten du Markus Schleinzerren Angelo filmak. Afrikatik 10 urterekin Europara ekarritako haur honen istorioak arrazakeria esplizitua baino antzematen zailagoa den zerbait erakusten digu: XVIII. mendeko aristokrazia ilustratuak beste kolore bateko pertsona baten integrazio kulturaltzat zer ulertzen zuen.
Angelo txikiarekin hezkuntza-esperimentu bat egingo du noble batek, musikan trebatuko du, hizkuntzak erakutsiko dizkio; eta pixkanaka, haurrak bere lekua aurkituko du elite horien artean. Integrazioa itxurazkoa baino ez da ordea, jende dotorearentzat beltza izaten jarraituko baitu eta, bereizketa hori, lehenbizi kontu sotiletan erakutsiko zaiguna, pixkanaka agerikoagoa bihurtzen joango da, ankerkeria betean agertu arte.
Filmak benetako pertsona baten historia hartzen du oinarritzat, Angelo Solimanena, eta haren bizitzari buruzko xehetasun askoren faltan, Schleinzerrek fikzionatu egin ditu. Durduzagarriena, ordea, ez da XVIII. mendean hori gertatu zela jakitea; ezinegona eragiten duena da mendeak pasa diren arren, gaur egungo jende ustez kultu eta ilustratuok ez gaudela orduko europarrei sorbalda gainetik begiratzeko moduan kontu honetan. Ileordeak, gerruntzeak, leotardoak kendu ditugula, baina bestetasuna gure banitatea elikatzeko erabiltzeko tentazioa hor dagoela, bizi-bizirik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA