'Oreina': ibai batek izan ditzakeen adarrak

Gorka Bereziartua
0

Ibaiaren inguruan gurutzatzen dira Koldo Almandozen filmeko pertsonaien istorioak.

Badu grazia, edo agian batere ez, Koldo Almandozen Oreina Zinemaldi honetako Zuzendari Berriak sailean estreinatzeak. Kontuan izan 1997koa dela donostiarraren lehenbiziko filma, 20 urte baino gehiago lanean. Baina tira, zuzendariak berak adierazi baldin badu kontuak ez diola gehiegi axola, guk ere beste alde batera begiratuko dugu. Pantaila dagoen aldera, zehazki.

Almandozen aurreko lanekin alderatuta pelikula hau proposamen konbentzionalagoa izango zela irakurria nuen eta, izan, bada, baina ez zait iruditu horregatik asko gutxitu denik ikusleari eskatzen dion inplikazioa: Oreina-n, publikoak igarri behar ditu gauza asko, pantailan ikusten duenari beretik erantsi, eta hortaz, geruza ugariko lan baten aurrean gaude, ageriko interpretazioei ihes egiten dien pelikula baten aurrean.

Baita kontrasteekin jolasten duen film baten aurrean ere: Oria ibaiaren inguruan uztartzen dira arrantzale furtibo baten egunerokoa, haxixarekin trapitxeatzen duen gaztearena, unibertsitatetik espultsatua izan ondoren jaiotetxera itzuli den irakaslearena. Filmaren adarrak ere, izenburuko animaliarenak baino, ibaiarenak dira, haren inguruan gurutzatuta agertzen baitzaizkigu paisaia naturalak, industrialak, urbanoak, askotan elkarrengandik aparte imajinatzen ditugunak; eta jarraian jarrita, oinarri onak ematen dizkiotenak traman baino, ebokatzen duen munduan ardaztuta dagoen pelikula honi.

 
Irudiak esan dezakeenaz baliatzea iruditu zait Oreina-ren puntu indartsuenetako bat: beste irudi batzuk gogora ekartzen dituzten plano originalak erabiltzeko trebezia. Adibidez, ibaian grabatutako eszenak ikusi, eta ezin izan dut saihestu Werner Herzogek Amazonian grabatu zituen filmez akordatzea. Patxi Bisquertek jokatzen duen papera ikusi, eta ezin izan dut saihestu Tasio (Montxo Armendariz, 1984) burura etortzea. Baina ez dira keinu esplizituak, hor egon daitezke ala ez, memoria bisuala aktibatzeko posibilitateak eskaintzen dizkizu pelikulak, ezer inposatu gabe.

Beste hainbeste esan daiteke filmari titulua ematen dion orein disekatuak iradokitzen duen sinbologiaz ere: hilda dagoen zerbait usteltzetik salbatzeko alferrikako saiakera adierazi nahi du? Totem ukiezina da? Edo, beste dena bezala, azkenean bere prezioa izango duen zerbait? Bizimodu salbaiaren amaieraz ari zaigu? Diruaren logikak giza harreman guztiak inbaditzen dituen gaur egungo mundu honetaz? Proiekzio osteko debatea asko luza daiteke.

Ez da istorio bitxi edo ezohikoak bilatzen dituztenentzako pelikula; ezta ogi barra balitz bezala, besapean mezu bat hartuta datorren filma ere. Zer egin nahi duen ondo pentsatu du zuzendariak. Horregatik, eta ez aurretik zuzendutako filmengatik bakarrik, merezi zuen Zinemaldiko beste sail batean lekua, nire ustez; lehiaketa ofizialean, adibidez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA