Lehia über alles

Gorka Bereziartua
0

Debekatutako lekuetara sartzeko alanbre-sareen gainetik saltatzen genuen adin hartan, darwindarrak ginen: txakurra atera, korrika hasi eta frogatu genuen problema ez zela azkarrago lasterka egitea gure bila zetorren piztia hark baino –dena hagina, dena lerdea, dena zaunka–; keba, keba, nahikoa zen zure lagunetako bat baino bizkorragoa izatea; eta hozkatu zitzala beste norbaiten txandal eta txitxiak. Darwinismotik elkarren arteko mesfidantzara, lagunei beldur handiagoa hartu genien txakurrei baino eta “debekatua” jartzen zuen lekuetan benetako debekua ikusten hasi ginen, ez elkarrekin desafiatu genitzakeen leku esploratu gabeak.
Gero, pixka bat kozkortuta, izan genuen Piotr Kropotkinen berri, zeinak Darwini ñabardura interesgarriak egin zizkion, naturan bizirauteko borrokak bazirenik ukatu gabe, azpimarratu baitzuen animaliek bazekitela elkarren artean kooperatzen ere. Denak ez du zertan lehia izan. Bizirautea izan daiteke elkar lagunduz irautea.
Baina Kropotkinen planteamenduek ez dizute kafe bat pagatzeko ere ematen, defendatzen duzuna gauzen funtzionatzeko ordena jakin bat baldin bada –bizi dugun hauxe, alegia–. Neoliberalismoaren betaurrekoekin irakurritako Darwinek, aldiz, primerako aukera emango dizu dirua guztiaren erdian jartzen duen desfase hau fenomeno naturala balitz bezala aurkezteko. Eta hori da Amatiñok egin duena: bizirauteko lehiatu aurrena, horren atzetik etorriko dira, etortzekotan, solidaritatea eta, behin desmelenatuta, baita emakume eta gizonen arteko berdintasuna ere.
Irabazien banaketa orekatzeaz, beste batean hitz egingo du akaso. Darwinek ez zuen horrelakorik aipatu eta kartelak “debekatua” jartzen du oraino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA