Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Gorka Bereziartua
0

Donostia 2016ren ‘Giltzapekoak’ erakusketaren baitan ikusi behar zen Lopez Riañoren filma, baina zentsuratu egin zuten.

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat irauten zuen, filmaren zuzendaria benetan nor zen –problemarik ez izateko, ez baitzuten egilearen benetako izenik jarri saioa iragartzeko zabaldutako materialetan–. Frankismoa bizi izan zuen jendeari entzun dizkiodan historiak etorri zitzaizkidan gogora: pelikula baten proiekzio erdi-klandestino batera sartzen ari nintzen.
Preso dauden emakumeak ziren filmeko protagonistak, benetako presoak, benetako kartzela batean errodatutako film batean, zeina off-eko ahotsen bidez entzun genuen testu indartsu baten bidez kontatzen zitzaigun, ikuslearengan efektu nahiko berezia sortuz espetxeratutako emakumeen irudiekin konbinatuta, batetik kartzelako egunerokotasun monotono eta krudelaren berri ematen zuelako, biolentzia sor eta administratibo baten egunerokotasuna pantailaratuz; eta bestetik transmitituz, sentsibilitate handiz, topiko eta estereotipoetatik urrun, indarkeria horren pean bizi diren pertsonen nahiak eta desirak. Gutxitan horrelako zerbait ikusteko aukerarik.
Proiekzioaren ondoren filmaren egilearekin konexio telefonikoa egin zuten antolatzaileek eta pelikularen historia ezagutu ahal izan genuen: 1998an filmatu zuen, Fleury-ko kartzelan zegoela presoentzat antolatu zuten zinema-tailer batean. Baina tailerra gidatu zuenak, lanaren kalitatea ikusirik, eta presoaren egoeraz baliatuz, filma bereganatu zuen: berea balitz bezala aurkeztu zuen festibaletan. Beharrik presoaren lagunak mugitu ziren, espetxeratutako pertsona bati haren obra lapurtzeko bezain miserablea izan zen zine-irakaslearen eskuetatik filmaren kopia bat lortzeko. Horri esker proiektatu ahal izan baitzen, ia 20 urte geroago, Idoia Lopez Riañoren Ces maisons hantées pelikula.
Proiekzio horretaz akordatu naiz aste honetan ARCO arte azokan izan den polemikaren ondoren, bati baino gehiagori irakurri diodanean Madrilen gertatu denak obraren zabalkundean lagundu besterik ez duela egingo, “Streisand efektua” delakoagatik –Iñigo Astizek ondo esplikatu du Berria-n: “Erakutsi dute telebistetan, zabaldu da irudia sare sozialetan, eta, sakelakoen bidez, sakelaraino heldu zaizkigu presoen pixelatutako aurpegiak”. Eta beraz, Astizen ustez, “beste bat da helburua. Kultur sortzaile, eragile eta kudeatzaileentzako abisu bat da”–.
Bai, ARCOn gertatu dena ikusita, kasu horretan analisia zuzena da. Are gehiago, jakin dugularik 80.000 euroan erosi ostean, ahal den jende gehienak ikusteko moduan jarri nahi duela Preso politikoak gaur egungo Espainian obra Mediapro talde mediatikoko bazkide batek.
Baina, nik behintzat, ez nuke gutxietsiko zentsura klasikoak garaiotan duen eraginkortasuna: Idoia Lopez Riañoren Ces maisons hantées ere zentsuratutako obra da, Donostia 2016ren baitako erakusketa batean ikusgai egon behar baitzen eta antolatzaileek erretiratzea erabaki zuten, “terrorismoaren biktimekin errespetuz”.
Lopez Riaño ETAko kidea izan zen. Baina film horrek ETAren biktimei errespetua faltatzen diola uste duenak, harrien azpitik atera beharko ditu hori justifikatzeko argudioak, pantailan ez baitu horretarako heldulekurik aurkituko. 2017ko abenduko proiekzio horretaz koadernoan hartu nituen oharrak errepasatzen, hau aurkitu dut: “Pelikula hau DSS2016tik kendu izanak asko esaten du Kultur Hiriburuak izan dituen programazio-irizpideez: filmaren edukia kontuan hartu zuten baztertu aurretik? Hala bada, edo a) miopia kasu nabarmena da edo b) mediatikoki estigmatizatutako egilearen figurak pisu handia eduki zuen erabakian”.
Bai, izan zen polemika pixka bat zentsura kasu horren harira –baina bigarren erregionalekoa–; eta ez, horrek ez zion lagundu obraren zabalkundeari, tiradera batean gorde zuten eta, azkenean, erdi-ezkutuka antolatutako proiekzio batean ikusi behar izan genuen. Hori Donostian gertatu da, ez Madrilen. Etxean bertan dauzkagu ARCOkoa bezalako erabakiak normaltasun osoz hartzen dituzten kultur kudeatzaile eta agintariak. Ispilu bat aurkituko al dute beren buruari begiratzeko, besteen erabaki txarren aurrean muturra itsustu baino lehen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA