Brexit-a baliatuz 2023ko Europako Kultur Hiriburua kendu diote Erresuma Batuari

Gorka Bereziartua
0

Leeds hiriaren hautagaitza energia olaturik gabe geratu da.

“Europako Kultur Hiriburua” esan eta medioetan eztabaida pizteko probabilitateak biderkatu egiten dira. Lasai irakurle, ez hartu inhalagailua, ez baikara Donostia 2016ri buruz hasiko. Oraingoan Erresuma Batutik dator notizia, Europako Batzordeak esan duelako estatu horretako hiriek ezin izango dutela 2023an halako hiriburutzarik eduki.

Berez Hungariari eta Erresuma Batuari zegokien sei urte barru kultur hiriburu bana edukitzea, baina Jean-Claude Juncker buru duen erakundeak baldekada bete ur bota die aurpegira Ingalaterrako Leeds, Eskoziako Dundee eta irlako beste zenbait hiritako alkateei, esanez izendapen hori lor dezaketela soilik Europar Batasuneko herrialdeetako ziutateek.
Eta klaro, Brexitaren alde bozkatu ondoren, negoziazio eternal baten erdian bada ere, Erresuma Batuak ez du baldintza hori betetzen Europako Batzordearen ustez.
Haserre Theresa May Downing Street-etik: “Bereziki dezepzionatuta gaude euren posizioaz informatu digutelako Erresuma Batuko hiriek euren azkeneko eskaintzak bidali ondoren”. Hum. Horrek esan nahi du proiektuak osatzeko erabilitako billete turrusta bat joan dela jada hiri horietako zergadunen poltsikoetatik zuzen-zuzenean merkatu komunean behera, kasu batzuetan milioi erdi euro baino gehiago Laboristek salatu dutenez.
Gero konparazioak datoz. Eta haserrea esponentzialki hazten da bostetako tearen orduan. Izan ere, Reykiavik izan zen 2000. urteko kultur hiriburuetako bat –Islandia ez dago EBn, baina bai Europako Ekonomia Ereumuan–; Norvegiako Stavager ere bai 2008an –idem–; eta 2010ean Istanbulek lortu zuen izendapena –2005etik dago mahai gainean Turkia EBn sartzeko aukera, baina ez da gauzatu–.
Eta polemikaren erdian, SNP alderdi independentista eskoziarrak gol bat sartu du, Londresi aurpegiratuz Brexitaren erruz geratu dela Dundee 2023rako aukerarik gabe. Biharko Juan Karlos Izagirre eskoziarrari, notizia jakitean, lasaitasun-zizpuru bat eskapatu zaio zenbait iturriren arabera, nolanahi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA