Laugarren boterea (txiste bat)

Gorka Bereziartua
0

Bi gauza gutxienez klaro daude politikari batek kazetariaren galderari erantzuten dionean irribarre eginez eta “asko eskertzen dizut hori galdetzea” esanez: 1) politikaria sentitzen dela hamakan etzanda purua erretzen bezain erlaxatuta eta beraz 2) kazetaria ez dela bere lana ondo egiten ari.
Baina gutxienez posizioak argi daude eta galdera egiten duena mahaiaren alde batean dago, erantzun behar duena bestean. Beste gauza bat da Kataluniako independentzia prozesua, zeinean Espainiako hedabide askok erabaki duten dauden lekutik altxatzea, jartzea euren Gobernuko politikariaren atzean, eta gorbatadunei masajeak ematea enpeinu guztiarekin, egun gogor baten ondoren etxera iritsi daitezen zerbikaletako minik gabe –eta, batek daki, agian happy end bat disfrutatuta–.
Badu txungurra komentatzeak non entzun den Carmen Martínez Castroren adierazpen hau, alegia, FAPE kazetarien elkarteak La Caixarekin batera antolatutako jardunaldi batean. Gobernua, medioak eta banka. Polizia bat falta zen, horrekin poker, baina ez du posible izan, justu aste honetan plana egina zeukalako zure amona ostiatzera joateko.
Eta orain txiste bat kontatuko dugu, batere graziarik ez egiteko arriskua asumituz: Genovako mafiak txalotzen dituen komunikabide horiek dira, gaur goizean gosaltzen ari zaren bitartean, euskaldunen iturri nagusia zer pasatzen den jakiteko. Mmm, ez, definitiboki ez dauka graziarik: zeren agian ez gara pelikulaz ondoegi enteratzen ari, enteratzeko aukeratu ditugun mezulariak dabiltzalako, katxarroa sutu beharrean, gezurrak kontatzen eta erdi-egiak. Eskerrak hedabide batzuk kontsumitzeko ohitura tabakoa bezala dela. Nahi dugunean utzi dezakegu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA