Indarkeriarik gabeko palmaresa

Gorka Bereziartua
0

Xiaogang Feng zuzendari txinatarra Urrezko Maskorrarekin.
Xiaogang Feng zuzendari txinatarra Urrezko Maskorrarekin.

“Aurreikuspenak ez ziren batere onak eta, hori kontuan izanda, emaitzarekin nahiko kontentu gaude”. Ez dira PPko kide batek igandeko hauteskundeen emaitzak ezagutu ondoren egindako adierazpenak, lagun bati esan niona baizik, Zinemaldiko Sail Ofizialeko azken filmak ikustear nengoela Donostian topo egin genuenean. Izan ere, asuntuak ez zeukan itxura bereziki onik hasieran: zuzendari ezagunik apenas, lehiaketa ireki zuen La fille de Brest ekoizpen telefilmero kaskarra… Baina lehen inpresioak eta hauteskunde kanpainetako inkestak, antzeko parezido, ezin zara fidatu; eta ezin duzu, halaber, apustu segururik egin, Zinemaldia ez baita Euskal Autonomia Erkidegoko bozak bezalakoa, urtero daude aktore eta gidoi diferenteak eta hain zuzen horrelako gauzengatik da osasun mentalarentzat hobea Euskal Herrian kultur kazetari izatea eta ez politika sailekoa.
Pasa da aste bat zeinean filmek kanpainak baino fikzio gehixeago jarri duten eta banatu dira sariak: Txinara doa Urrezko Maskorra, baita emakumezko aktore onenaren Zilarrezkoa, Xiaogang Feng zuzendariaren Wo Bu Shi Pan Jinlian filma bihurtuz edizio honetako garaile nagusi. Absurduarekin jokatzen duen pelikula bitxia da eta, izan ditzakeen gabeziak gorabehera –“dena” justifikatzen duen amaierako errebelazio bat– saridun duina da. Ezin gauza bera esan zuzendari onenaren sariaz: Hong Sang-Soo hego korearraren filmak amaiera pattala eman zion Sail Ofizialari, errepikakorra eta aspergarria gertatzen zen bikote harremanen istorio batekin. Haren ibilbidea kontuan hartuta bakarrik ulertzen da etxera eraman duen maskorra, ez baita ekarri duen lanaren neurrikoa inondik ere.
Bi thriller espainiar, beste hainbeste sari: aurreko edizioetan ez bezala, nahiko bidezkoak dira industria iberikoak jasotakoak, Que dios nos perdoneren gidoia borobila baita eta Eduard Fernandezen aktore onenaren Zilarrezko Maskorra ere merezitakoa –bide batez, lata ederra izango dugu Hego Euskal Herriko bizilagunok telebistan bi ekoizpen horien kontura Goya sariak banatu bitartean–.
Palmaresetik kanpo geratu dira gaur egungo Mendebaldeko gizarteari buruzko begirada aztoragarrienak eman dituzten zenbait lan: Plac Zabaw poloniarrak, Jesús txiletarrak eta batez ere Bertrand Bonelloren Nocturamak esplikazio konkreturik ez daukan biolentziaren aurrean jarri dute ikuslea, bizi-estilo kapitalistak gazteei eskaintzen dien aukera falta agerian utziz. Asmo diferenteekin eginak eta emaitza aldetik ere elkarren artean oso desberdinak diren arren, belaunaldi berriei egindako argazki ezkor horiek arreta merezi dute, batez ere gurean indarkeria bukatu dela predikatzen duten politikariei kontrapuntua eskaintzen dietelako. Bada biolentzia bat gizartean geroz eta errotuagoa, espektakulu bihurtzeko ez bada oihartzunik gabe pasatzen dena, baina egituraketa sozialaren ondorio denez erantzunak eskatzen dituena. Eta hori zineman ikusi dugu, ez kanpainan eta ez botoak zenbatzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA