Joseba Ponce eta bere klonak zuzenean ariko dira martxoan

Gorka Bereziartua
0

Kantak egin, instrumentu guztiak jo, abestu... bideoklipa ere egin du Joseba Poncek azken diskoan. Martxoan zuzenean ariko da.
Kantak egin, instrumentu guztiak jo, abestu… bideoklipa ere egin du Joseba Poncek azken diskoan. Martxoan zuzenean ariko da.

Disko bat autoekoiztu duzu eta uste duzu do it yourself filosofiari buruz hitz egiteko moduan zaudela? Meh. Muturreko garaiak bizi ditugu eta gauzak zeure kabuz egiteko apustuak ere muturrekoa izan behar du. Edo horrelako zerbait pentsatuko zuen Joseba Poncek iaz bere proiektu musikal berria martxan jarri zuenean.

Dut, Kuraia eta Lisabö taldeetako partaide izan zelako ezagutuko duzue. Ba, oraingoan, bera bihurtu da taldea: JP Lohian & Klonen klana disko guztia egin du, kantak egitetik hasi, instrumentu guztiak jo, abestu… eta behin animatuta, diskoa aurkezteko bideoklipa ere berak egin zuen (eta ez nolanahikoa).
 
Atera da diskoa eta gustatu zait daukan tonu existentzial horregatik, barrokismoan erori gabe transmititzen dituen sentsazio ilun eta konplexuengatik. Entzun ahala irabazten duen lan horietakoa da: Beldurra edo Kantu itsaskorra bezalakoek deitu zidaten arreta lehenbiziko bueltetan, baina repeat botoiari zenbat eta gehiago sakatu, zortzi kanten bidez osatzen duen diskurtso musikala gailentzen da kanta zehatzen gainetik.
Diskoa nola egin zen jakinda ordea, zaila zirudien grabatutako hori zuzenean ikusi ahal izatea: pertsona bakarreko bandak modan daudela, ados, baina gizaki guztiek dituzte mugak; ezinezkoa da Poncek berak musika tresna guztiak jotzea.
BAINA: jakin berri dugunez, klonen klan paregabea fitxatu du –Galder Izagirre (bateria), Karlos Osinaga (baxua), Gorka Sesma (gitarra) eta Libe Garcia de Kortazar (organoa)– eta martxoan lau zita iragarri ditu. Iazko disko interesgarrienetako bat zuzenean noiz eta non entzun dezakezuen, beheko kartelean.
jp-lohian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA