Ariketa zailegia

Gorka Bereziartua
0

Benetako gertakari bat kontatzen du filmak
Benetako gertakari bat kontatzen du filmak

Ezer baino lehen argitu behar nuke musikalak ez ditudala bereziki gustuko. Eta beraz, aurreiritziz betetako motxila batekin sartu nintzela Sail Ofiziala itxiko duen London road ikustera. Lehiaketa ofizialetik kanpo dagoen film britainiar honek ez dit lagundu musikalak gehiago estimatzen, arriskuak hartzeko prest dagoen proposamen batekin huts egin duela iruditzen zait.

Arrakasta handia izan duen antzerki-musikal baten egokitzapena da filma. 2011n Royal National Theatren estreinatu zuten London road eta 2006-2008 artean Ipswichen (Ingalaterra) hil zituzten bost prostituten kasua kontatzen du, hilketak gertatu ziren kaleko bizilagunen testigantzak abesti bihurtuz –eta hor dauka zailtasun extra: bizilagunen adierazpenak hitzez hitz hartu dituzte musikaleko kantak egiteko–.
Ariketa zaila denik ez du inork ukatuko: pantailan aspergarri eta errepikakor egiten diren melodiak sortu ahal izateko armonia lan pila egin behar izan dela seguru nago. Baina ariketaren zailtasun horrek istorioa eraginkortasunez kontatzea ezinezko egiten badizu, eta trukean ezer berezirik eskaintzen ez badu, ez nago oso seguru apusturik onena ote den.
Ze istorioak mamia badauka berez, bizilagunen adierazpenek argi erakusten dute zenbait auzotarren zinismoa, hilketen ondoren beren kalea “garbitu” delako pozik. Kontrapuntuan, jada kalean gehiago lanik egingo ez duten prostituten testigantzak erretratu sozial indartsua osatuko zuen, material berdinarekin dokumental bat egin izan balitz.
Konbentzionalegia ez izaten tematzeagatik hondoratzen den filma beraz. Itxiera tristea Sail Ofizial gris honentzat.
SAIL OFIZIALA (lehiaketatik kanpo)

London road
Zuzendaria: Rufus Norris
Aktoreak: Olivia Colman, Tom Hardy, Anita Dobson, Clare Burt, Rosalie Craig, James Doherty, Hal Fowler
Erresuma Batua
93 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA