Itsasontzi baten

Gorka Bereziartua
0

Levan Tutberidze beteranoak kartzelatik atera berri den istorioa kontatu du 'Moira'n
Levan Tutberidze beteranoak kartzelatik atera berri den istorioa kontatu du ‘Moira’n

Su txikian egindako thrillerraren eta drama familiarraren arteko puntu zehazgaberen batean dago Moira film georgiarra. Levan Tutberidze beteranoak zuzendua, inguruak baldintzatutako gazte batek bizitzan aurrera egiteko dauzkan zailtasunak ditu erdigune.

Kartzelatik atera berritan anaiarekin eta gurpildun aulkian geratu den aitarekin elkartuko da filmeko protagonista. Dirua irabazi ahal izateko etxea hipotekatu eta arrantzarako barku bat erosiko dute; Grezian bizi den ama etxera bueltan ekartzeko adina lortuko dute; baina familia guztia biltzen denean ere, bizimodua ez da erraza.
Portuko negozio ilunen istorio honi tinta txorrotada bat falta zaio film beltz indartsu bat izateko. Eta ez dauka nahiko tentsiorik zinemagintza sozialari zerbait ekartzeko ere. Erdibide horretan, protagonistaren jarrerak hartzen duen lekuarengatik, pelikula moral bat dela esango nuke. Sakrifizio pertsonalaz eta patuaz irakaspenen bat eman nahi lukeen lana begitandu zait. Sakontasuna falta zaio ordea xede hori lortzeko.
Horren partez, protagonistengatik errukia sentituko du ikusleak. Eta tristura, tristura handia, kasik titularrera ekarri dugun Kaxianoren kantak transmititzen duena bezainbestekoa.
SAIL OFIZIALA
Moira
Zuzendaria: Levan Tutberidze
Aktoreak: Paata Inauri, Giorgi Khurtsilava, Zaza Magalashvili, Ketevan Tskhakaia, Jano Izoria, Ani Bebia
Georgia
95 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA