Piztiak badu bihotzik

Gorka Bereziartua
0

Animaziozko proposamena ekarri du Hosodak Sail Ofizialera.
Animaziozko proposamena ekarri du Hosodak Sail Ofizialera.

Mamoru Hosoda esperientzia handiko zuzendaria da animazioaren munduan: gutako askoren haurtzaroa markatu zuen Toei Animation etxean formatutako zuzendaria, 2000. hamarkadaren hasieran hasi zen ezaguna egiten Digimon adventure eta One Piece serieetako filmeekin. Bakemono no ko (Haurra eta piztia) du izena Zinemaldira ekarri duen proposamenak eta Sail Ofizialeko animaziozko film bakarra da.

Iniziazio-istorio bat da funtsean Bakemono no ko: hildako amaren eta inondik ageri ez den aitaren gabeziak minduta, hiri handian ihesi ari den Kyutak mundu paralelo bat aurkituko du. Bertan bizi da Kumatetsu, giza-itxurako animalien lurraldeko borrokalari indartsuena izan nahi duen filmeko beste protagonista. Ikastun gisa hartuko du haurra, borrokatzen irakatsiko dio, baina bien arteko harremana ez da erraza izango.
Fantasiazko mundu horretako hainbat pertsonaiek eta filmean garrantzia hartzen duten entrenamenduek zuzenean eraman naute gurean oso ezaguna egin zen Dragoi Bola telesailera, hark bezala mitologia bat sortu eta funtzionaraztea lortzen duelako.
Baina Son Gokuk eta konpainiak izan zuten garapenaren aldean, borrokaren epika eta gihar erakustaldia baino gehiago eskaintzen digu film honek: familiaren babesik gabe hazteari buruz dihardu eta sentimentalkeriarik gabe lantzen du gaia –haurraren eta piztiaren arteko dialogo biziek asko laguntzen dute horretan–.
Guraso izateari buruzko gogoeta ere izan nahi luke, nahiz eta helburu hori ez duen guztiz lortzen nire ustez, istorioaren ildo horrek sakontasuna falta duelako.
Edonola, zerbait benetan nabarmentzekotan, filmaren itxuran jarri behar dugu letra larria. Bakemono no ko polita da ikusteko, ez da erortzen zenbait anime lanen gehiegikerietan eta trebetasunez konbinatzen ditu gizakien munduaren irudikapen errealistak piztien mundu alegiazkoarekin. Genero honetako lanen oso zale ez direnek ere gustura ikusteko moduko lana.
SAIL OFIZIALA
Bakemono no ko
Zuzendaria: Mamoru Hosoda
Japonia
119 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA