Firebrand diskoetxea: Tom Morelloren Esan Ozenki?

Gorka Bereziartua
0

Tom Morello Rage Against The Machineko gitarra jotzailea.
Tom Morello Rage Against The Machineko gitarra jotzailea.

Rage Against The Machine taldeari maiz kritikatu izan diote –arrazoiarekin–, multinazionalekin argitaratzen zituztela diskoak, euren kantetan ezkerreko aldarrikapenei protagonismoa eman arren. Diotenez, taldeko gitarra jotzaile Tom Morello haserretu egin zen Rockdelux aldizkarirako egindako elkarrizketa batean kazetariak puntu horretan hatza sartu zuelako.

Pasa dira urteak baita Los Angeleseko taldearen garairik onenak ere, baina urtetan pilatutako izena hor dago –gehi, inork ez duela nazioarteko parlamentu musikalean Rage Against The Machinen lekua bete bankada sozialistan–. “Jendeak beti galdetzen dit ea zergatik ez dagoen artistarik Public Enemy, The Clash edo Rage Against The Machinenak bezalako hitzak idazten”, dio Morellok Rolling Stone aldizkariari egindako adierazpenetan.
Badira halakoak, baina zaila da publiko zabalak ikustea. Eta horretarako sortu du Morellok Firebrand diskoetxe berria Ryan Harveyrekin batera, mota askotako musikarien bilgune gisa. “Firebrandeko artistak dira beltzak, zuriak, arabiarrak, juduak, gizonak, emakumeak, queer, hetero, folk, punk, hard rock, hip-hop, baina denek dute zerbait amankomuna: musika eigten dute planeta justuagoa egiteko asmoz”.
Esan Ozenki estiloko egitasmoa yankilandian? Ikusi beharko da zer ibilbide egiten duten. Eta eztabaidatu beharko da mundu justuagoaren alde ari diren musikarientzat hitz aldarrikatzaileak nahikoa ote diren. Urumea Hernanitik pasatzen denez, artikulu bat gomendatzeko probestuko dugu koiuntura. Gai honi buruz iritzi interesgarriak eman baitzizkiguten hainbat musikarik, Kepa Matxainen galderei erantzunez: panfletotik harago, nola kantatu politikoki?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA