Itxaronaldia luzea egingo zitzaien Anariren jarraitzaileei, 2009ko Irla izan hartatik kanta berririk argitaratu gabe zegoen, ez ordea geldirik. Urte hauetan publikatuak ditu Bidea eta denbora zuzeneko diskoa eta parte hartu du erreferentziazko hiru omenaldi-diskotan. Mikel Laboa zenari eskainitako Txinaurriak binilo bikoitzean laino elektrikotan bildutako Aintzinako bihotz sinatu zuen; Imanol Urbietari eskainitako Bakarrik eta librerako Gitarra baten bertsioa eskaini zigun haurren ahotsez inguratuta; eta iaz publikatutako Lou Reed, mila esker lanaren azkenaurreko piezak ere bere marka dauka.
Nagusiki Irla izaneko errepertorioa oinarrituta zuzenean aritu den urteotan publiko berria inguratu zaie Anarik berak telefonoaren beste aldetik aitortzen duenez. Eta entzuleen gosea sumatzen da Zure aurrekari penalak aurkeztu aurretik: asteazkenean hasi dira etxeetara iristen aurre-salmenta bidez eskatutako diskoak; hasi dira, horrekin batera, lehenbiziko iruzkinak agertzen sare sozialetan.
Tituluaz galdezka hasi gara hizketan, aurreko lanetan baino izenburu konkretuagoa zergatik hautatu duen galdetuz. “Intentzioa badauka. Ez da titulu erraza, badu jolasetik ere, diskoko kantu batek azaltzen du. Nahi izan dut beste idazketa bat landu, gauza berdinez beste hitz batzuekin kantatzeko. Ez naiz bat-batean kantu sozialak egiten hasi, baina hitz batzuk bai hartu ditudala eremu horretatik”. Nolabait esateko, egunkariaren lehenbiziko erdiko hizkera hartu eta bigarren erdira eraman nahi izan duela esplikatu du.
Ideia horrekin kantak egiten ari zela argitaratu zen Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa poema liburua eta Anarik sumatu du asmoan halako kidetasun bat. “Ez naiz urrutitik ere konparatuko Otorekin noski”, egin du ñabardura, Azpeitiko idazleari dion begirunea azpimarratzearekin batera, “baina bide beretik abiatu ginela iruditu zitzaidan”. Disko berriko hitzek polisemia-joko ugari dutela dio, prentsako idazkerak ustekabean eskaintzen dituen figura literarioak baliatu dituela.
Grabazio prozesu luzearen ondoren argitaratu da Zure aurrekari penalak: aurreko diskoak 15-20 egunean erregistratu zituzten, oraingoan aldiz “gehiegi ere” luzatu direla uste du azkoitiarrak, estudioan zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta buelta gehiago ematen zaizkiela gauzei. Ifrentzua badu luzatze horrek, berrikusteko denbora gehiago hartu dutela. “Azkenean disko bat da egin nahi duzuna, lortzen ez duzuna… dena. Horrela behar zuen”.
Anariren ohiko taldeaz gain –Borja Iglesias, Mikel Abrego, Xabier Olazabal Drake eta Mariano Hurtado–, hainbat kolaboratzaile izan ditu diskoak: Eneko Burzako Mobydick, Lisaböko Javi Manterola eta Karlos Osinaga Txap –soinu teknikaria ere bera izan da–, Napoka Iriako Ander Mujika eta Audienceko Ager Insunza, besteak beste. Ekipo ona aurten musikazale gehienek zerrendan apuntatuta zeukaten nobedadearentzat.
Aurkezpenak eta kontzertuak:
Asteazken arratsean hasiko da Zure aurrekari penalak jendarteratzen Iruñeko Katakrakek egingo duten aurkezpen-emanaldian. Ostegun eguerdian Donostiako Le Bukowskin prentsaren aurrean aurkeztuko dute eta hortik aurrera, errepidea eta eszenatokiak.
Entzun:
Diskoaren bi aurrerapen kanta daude jada Badok.info atarian.
1 Iruzkin
Anariren diskoa datorrela barri ederra da beti bere. Ze beharrezkoa dan Anari geurean. Geure identitatea Athletic-ek balekar kasurako, edo gastronomiak, ez neuko inolako arrazoirik topatuko geure herriko herritar sentitzeko. Eskerrak badagozala holango irlatxo bakanak geurean, identitate krisietan lagunduko gaituenak. Entzuteko gogo handiz ba.