Liburuak lapurtzeko gogoa daukat

Gorka Bereziartua
3

 
Auto bat, Mini modelokoa, Bartzelonako Calders liburu dendako kristalaren kontra abiada bizian. Krax. Aurpegia estalita daukaten pertsonak ateratzen dira, lapurtzeko asmoz. Liburuak lapurtzeko asmoz.
Segurtasun kamerek grabatu dute The Italian Job filma gogora ekartzen duen eszena, baita dendako jabeek Youtuben jarri ere. Hurrengo egunean albiste bihurtu da hiriko periodiko nagusietan.
“Auto batekin liburu dendaren kontra jo dute, liburuak lapurtzeko” kontatu zuen Kataluniako El Periodicok, ondoren, irakurleek agertutako zalantzen aurrean, titular zalantzatiagoa jarri aurretik.
Bitxia baita, ez esan. Liburuak lapurtzeko? Beste zerbait baliotsuagoa balitz, nik zer dakit, kolonia garestiren bat edo telefono mugikorrak. Txokolatea sikiera.
Liburuak?
Bitxia ez ezik, faltsua ere bada: hurrengo egunerako nahiko argi geratu da bideoa fake bat dela.
Ordurako milaka bisita ditu Youtuben. Publizitatea egiteko modu berritzaileez badakite zerbait Bartzelonan.
Arrisku handi samarrean sartu ez ote diren, ordea: fikzioa eta errealitatea nahastera jostatze hau aho biko labana izan liteke. Izan ere, propaganda operazioa ikusi ondoren zer egiteko gogoa izango duzu, literaturzale kleptomano horrek, Bartzelonara joan eta denda horren paretik pasatzen zaren hurrengo aldian?
PS: Esker mila Gorka Arreseri bideoaren berri emateagatik.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA