Artur Mas, Adolfo Suarezen 'remake' gisa ulertuta

Gorka Bereziartua
0

Espektakuluaren munduko jende esanguratsua elkartu zen Artur Masen filmaren trailerra aurkeztu zen ekitaldian.
Espektakuluaren munduko jende esanguratsua elkartu zen Artur Masen filmaren trailerra aurkeztu zen ekitaldian.

Estreinaldi data oraindik zehaztu ez bada ere, superprodukzio baten itxura hartu diogu Artur Masek asteartean erakutsi digun pelikularen trailerrari: Bartzelonako Forumean, 3.000 lagunen aurrean eta Temps de decidir, temps de sumar titulu probisionalarekin, azken hiruzpalau hamarkadetan beste inork ez bezala lehertu ditzake txarteldegiak Generalitateko buruak idatzi, zuzendu, ekoiztu eta protagonizatuko duen filmak.
Multizineetan proiektatu aurretik ordea, Generalitateak akaso epaitegietatik pasa beharko du eta ez bakarrik Espainiako legalitatearekin lotutako auziengatik. Copyright salaketaren bat ere jaso dezake Artur Masek. Izan ere, buruzagi convergentea kredituetan gidoiaren egile gisa agertzen den arren, Adolfo Suarezen familiak baditu arrazoiak pentsatzeko ideia originala beren etxeko patriarkaren burutik atera zela.
Konpara ditzagun Masen gidoia eta Espainiako gaur egungo demokraziaren –gehitu eztul bat hemen, karkaxa eta guzti– lehen presidenteak erabili zuena.
Film epiko bat
Ekoizpen convergenteko protagonista erregimen zaharrean hezitako norbait da, bulegari diskretu baten mozorropean ezkutatzen den heroiaren arketipoa. Gauzak egiteko modu bat dauka, bere etxean beti funtzionatu izan duena: sistema kudeatzen duen alderdia eta horrekin lotuta eliteekin harreman onak, faboreak eta bestelako prebendak.
Baina zerbait gertatzen da. Lurrikara bat, demagun –estudioak ez du erabaki oraindik, sumendiaren leherketa eta tsunamia dira beste aukera posibleak–. Orain arteko sistema gainbehera doa, Troika izeneko Godzilla bat ari da Bartzelona atzaparka eraisten eta herritarrak alde batera eta bestera korrika dabiltza ikaraturik, murrizketak eteteko eta Espainiatik alde egiteko eskatuz.
Kolapsoak atzeraezina dirudi eta beraz, bulegari xumeak, salbuespenezko egoera beste inork baino hobeto ulerturik, bi eskuekin alkandora tarratatzen du, bularralde gihartsuan tatuatuta daukan estelada erakutsi eta lurtar arruntaren ahalmenak gainditzen dituen superlider bihurtzen da –hil zaitez inbidaz, Clark Kent–.
Helburua: desastretik bizirik ateratzea –bai, puntu honetan The Impossibleren gidoilariak ere hasi dira abokatuei deika, baina Pujol familia Masen filmean hil egiten denez, badirudi ez dutela demandarik jarriko–.
Hondamenditik babestuko duen azpiegitura sortzea da Artur Erregearen lehenbiziko lana eta horretarako, Enric Julianak zehaztasun handiz El partit del president bataiatu duen ontzia eraikitzen hasiko da, zeinean lekua izango baituten ordura arteko zoo politikoan izan diren espezie bakoitzeko bi animaliak gutxienez –eta gehiago badira, ba ze ondo, aizu–.
Adolfo Suarezen gidoia plagiatzen ari ote da Artur Mas. Ala, "omenaldia" da egin nahi diona?
Adolfo Suarezen gidoia plagiatzen ari ote da Artur Mas. Ala, “omenaldia” da egin nahi diona?

Suarezen filmarekin antzekotasunak
Orain artekoa irakurrita, Adolfo Suarezek arrakasta handiz zuzendu zuen Spain 1978: the Modelic Transition movie gogora ekartzen duela salatu dezake haren familiak. Elementu amankomunak ez dira falta: kartoiharrizkoa balitz bezala puskaka erortzen ari den sistema politikoa, herritarren eskaera demokratiko geroz eta ozenagoak; eta horien ondorioz, denak berdin jarrai dezan dena aldatzen hasi beharra, kudeaketa politikoan aritzen direnek asko maite ez duten gimnasia mota bat eginez: irudimena.
Istorioa egiantzekotasunez bideratzeko, beharrezkoa da herriaren aldarrikapenak aintzat hartuko dituela esango duen baliabide narratibo bat. Eta alde horretatik ere, Kataluniako Presidentearen Alderdia eta Adolfo, Adolfo, Adolforen UCD izeneko tramankulua, antzeko korapiloei emandako antzeko erantzunak izan daitezke: erregimen zaharretik erregimen erreformatura pasatzeko zubi-lana egingo duten aparatuak, agindu dutenen gorpuari geratu zaion zati ustelgabea –ejem– inkubatzen ari den gorputz gazte berrian josi ahal izateko operaziorako tresneria.
Froga askorik ez dago, hori ere egia da, eta zaila izango da Artur Masek orain arte erakutsi duena Suarezen remake hutsa dela frogatzea. Baina adi, Generalitateko buruak pistaren bat utzi baitzuen Suarez hil berritan, akaso plagioa baino, egiten ari dena omenaldia dela justifikatzeko. Bere adierazpenak momentu hartan Rajoyri botatako azpitxio gisa hartu ziren eta ageriko edukia, hau da, Mas bere inspirazio-iturria laudatzen ari zela, ez zen behar bezala ulertu.
Klaro, filma egiteko baliabideak ez dira berdinak, gaur egun efektu bereziak askoz ikusgarriagoak dira eta alde horretatik Katalunian prestatzen ari diren hau 3D betaurrekoekin flipatzekoa izango dela dirudi –nahi luke zuri-beltz zimelean gogoratzen dugun Suarezek–.
Nik behintzat, ez daukat estreinaldia galtzeko batere asmorik, nahiz eta batzuetan trailerrak hobeak izaten diren promozionatzen dituzten filmak baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA