Ez daukagu galtzeko ezer, hori da pena

Gorka Bereziartua
0

'Magical girl'-en taldea Urrezko Maskorrarekin (argazkia: Montse Castillo / Zinemaldia).
‘Magical girl’-en taldea Urrezko Maskorrarekin (argazkia: Montse Castillo / Zinemaldia).

Espero dezakezunak baldintzatzen zaitu: film bat ikustera zoaz, proiektatuko dutenari buruzko ideia bat zure kaskezurrean jada eraikita eta ikusi dituzun beste film guztien sedimentuarekin. Itxuraz garrantzirik ez daukaten gauzatxook zure balorazioa ia goitik behera zedarritzen dute, inor ez baita birjin joaten zinemara –areto bateko butakak ez dira lekurik txarrena kualitate hori galtzeko porzierto, baina hori beste kontu bat da–.
Bukatu da Donostiako Zinemaldiko 62. edizioa eta palmaresak utzi duen zaporeak badauka zerikusirik espektatiben kontu honekin: parte hartzaile guztiek daramatzate kopetan pintatuta espero dezaketenaren marra gorriak. Ez da gauza bera Sail Ofizialean eskubide osoz sartu zarela pentsatuta joatea edo egotea bera garaipentzat hartzea.
Bada lorpena: Loreak filmak historia idatzi du dagoeneko. Baina ikusi ondoren, edizio honetatik txaloak baino zerbait gehiago eraman izan balitu, ondo mereziak izango ziren.
Zazpi sari nagusietatik lau Espainiako zinemarentzat izan dira –eztabaidagarriena gizonezko aktore onenarena, Javier Gutierrezek La isla míniman egindako lanarengatik–. Urterokoak dira Donostiak zinema espainiarrari egiten dizkion kontzesioak, baina ez duzu kontu horretaz gehiegi entzungo. Festibal hau marko batean kokatzen da, Espainiako industriarentzat garrantzitsua da. Eta horregatik segurata lokartuaren aurretik bezala pasatzen dira maisulan gisa ondo egindakoak izanagatik Berlin, Venezia edo Cannes hanka puntetan zeharkatuko zituzten ekoizpen batzuk.
Magical girl eta La isla mínimak ekarri dute berritasunik dena den, formalki baino, filmek duten irakurketa politikoan. Espainiako Trantsizioaren Kultura, gai batzuk sistematikoki baztertzen zituen narratiba gisa, amaitzen ari dela seinalatzen dute bi film horietan agertzen diren elementuek –demokraziaren buztinezko oinak, monarkiari buruzko txisteak, diruz betetako gutunazalak, tortura…–.
Lastima, orain arteko marko diskurtsiboa pantailan bakarrik jarri dela zalantzan eta betiere optika espainiarretik. Euskal zinemak itxaron egin beharko du beraz, Zinemaldira espektatiba handiagoekin hurbildu ahal izateko.
Itxaron, adibidez, agintariek hemen ikus-entzunezko industria sendo baten aldeko apustua egin arte, ondoren industria horrek festibalean zer edo zer irabazteko izan dezan. Ze, momentuz, galtzeko deus ez edukitzearen lasaitasuna besterik ez daukagu. Igualekoak dira zerbait irabazi dezakeenaren urduritasunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA