Sedukzioa nola kontatu

Gorka Bereziartua
0

John Malkovich da filmeko protagonista
John Malkovich da filmeko protagonista

Film konbentzionalak eskaintzen ari den Sail Ofizialaren barruan, Casanova Variations bezalako proposamenek zeresana ematen dute onerako eta txarrerako. Michael Sturmingerrek zuzendu eta John Malkovichek protagonizatutako filmak fikzio maila ugariren arteko jolasa proposatzen du.

Artifizioa hasieratik geratzen da agerian: Giacomo Casanovari buruzko opera bat Lisboan, opera horretako zenbait eszena XIX. mendean girotutako film gisa eta obra antzeztu bitartean errepresentazioaren inguruan gertatzen direnak (Malkovich teloi atzean, nolabait). Hiru fikzio maila horiek harilkatuz osatzen da pelikula.
Historiako seduktore handiena da protagonista. Zahartua eta garaitua, noble baten liburuzain bihurtua dago Casanova eta bere memoriak idazten pasatzen du denbora. Emakume bat agertzen zaion arte, iraganaz galdezka.
Baina ez litzateke oso zuzena esatea film honen gaia Casanovaren dekadentzia dela. Istorioak kontatzeari buruzko gogoeta dela esango nuke beste ezer baino lehen, fikzioaz eta norbere buruaren kontakizunaz zer pentsatua eman nahi duen lana. Eta hori egiteko aukeratzen duen modua formarekin esperimentatzea dela.
Pastitxe bat da emaitza, nahiko ondo egituratua eta komedia konbentzionaletik goi-artearen imitazioraino iristen dena, momentu askotan autoironia erabiliz, jolas fikzionala gogora ekartzeaz gain, maila ertaineko ikuslearen konplizitatea bilatuz.
Egongo da pretentziosoa izatea egotziko dionik baina ez naiz ni izango. Eskertzekoa iruditu zait horrelako zerbait ikustea eta uste dut egunotan argitaratuko diren kritiketan seguraski egingo duguna baino irakurketa zorrotzagoak eskatzen dituen filma dela.
SAIL OFIZIALA
Casanova variations
Zuzendaria: Michael Sturminger
Aktoreak: John Malkovich, Veronica Ferres, Florian Boesch, Miah Persson, Victória Guerra, Maria João Bastos, Anna Prohaska, Kate Lindsey, Kerstin Avemo, Barbara Hannigan, Topi Lehtipuu, Tracy-Ann Oberman, Fanny Ardant, Jonas Kaufmann, Lola Naymark
Frantzia-Austria-Alemania
118 minutu

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA