Usopop 2013 (kronika berantiar bat)

Gorka Bereziartua
0

Joan den asteburuko Usopop jaialdiaren kartela

Gauza polita antolatzen ari dira Saran duela zenbait urtetik: laugarren edizioa zuen Usopop jaialdiak joan den larunbatean eta iritsi ginenerako jende dexente hurbildua zen Agorreka etxera.
Unama folk taldearen kontzertua galdu (pena, 2005ean atera zuten diskoa interesgarria iruditu baitzitzaidan; gero pista galdu nien), eta Kideren azken kantak besterik ez genituen entzun ahal izan.
Lehen kontzertua zutela jakin genuen gero: gitarra, erritmo sampleatuak eta ahotsa baliatuz, 90eko hamarraldiaren bigarren erdiko post-grungea ekarri zidaten gogora. Bestalde, horrelako jauregian kontzertu bat entzuteak Gus Van Santen Last days filmera eraman gintuen momentu batez (hildakorik eta dramarik gabe, noski; dena izugarri atsegina da Sarako festibalean).
Gaueko txanda areto handixeagoan, Lur Berri gelan: Bigott kartelburua aurrena, hasieratik entzuleak konbentzituz. Iazko BBK Live jaialdian ikusi nituen, oso kontzertu potentea izan zen. Oraingoan watt gutxiago eta zehaztasun gehiagorekin aritu zirela iruditu zitzaidan, modan dagoen freak-folk etiketaren lehen hitzari benetako zentzua emanez (hain bitxiak dira abeslariaren imintzio eta dantzak).
Iruñetik etorritako Wilhelm and The Dancing Animals taldeak itxi zuen gaua. 2011n argitaratu zuten maketa Mondo Sonoro aldizkariaren urteko demo onena izan ostean, zeresan franko ematen ari dira iaz Origami zigiluarekin argitaratu zuten The war of the species diskoari esker.
Eszenaratzeari dagokionez Vampire Weekend ekarri zidaten gogora (baxu-jotzaileak batez ere). Musika gertuago dago, beharbada, Arcade Fireko kideek antidepresibo eskukada bat hartuta egingo luketen zerbaitetik. Neska-mutilen ahotsak tartekatuz indarra hartzen duten kantak dira, baina soinu propioa erabat lortu gabe daukatela iruditu zitzaidan.
Xumeki eta gustu handiz egiten duten festibal honen hurrengo edizioaren zain geratuko gara, ea nolako kartela prestatzen duten Joanes Garciak, Patxi Dutournierrek, François Matonek eta konpainiak. Aurtengoa behintzat, txapela kentzeko modukoa izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA