Metallicak asmatu behar musikaren Interneteko negozio-ereduarekin

Gorka Bereziartua
0

Ez da ONCEko iragarki bat, Metallicako kideak dira.

Paradoxikoa denik ez didazue ukatuko, Metallica izango da seguruenik Interneten negozio-eredu onena aurkitu duen taldea: duela gutxi izan dut LiveMetallica.com webgunearen berri. Euren kontzertu guztiak MP3, FLAC eta ALAC formatuan sareratzen dituzte eta 7,5 euroan eros ditzakezu –edo, nahiago baduzu, kanta bakoitza deskargatu euro bat baino gutxiagoren truke–.

2010ean jarri zuten martxan eta hiru urratseko estrategia darabilte kontzertuetara doan jendeari zuzeneko hori bera formatu digitalean saltzeko.

1) Aurresalmenta: Metallicaren kontzertu baterako sarrera erosten duenak mezu bat jasotzen du elektropostan, kontzertuaren grabazioa aurrez enkargatzeko jarraitu behar dituen pausoekin eta hori egitera animatzeko mezu pertsuasiboarekin.

2) Kontzertuan bertan: Taldearen kamisetak eta bestelako produktuak saltzen dituzten standean, grabazioa ere eska dezakezu. Urrats honek berebiziko garrantzia du, kontuan edukita musika zaleek garagardoz enpo daudenean errazago askatzen dituztela billeteak etxean baino.

3) Kontzertuaren ondoren: Zuzeneko grabazioa nahastu, masterizatu eta salgai jarri bezain laster, beste mezu bat bidaltzen dute sarrera erosi dutenen posta elektronikora. Seguruenik hirugarren urrats honetan ateratzen du taldeak irabazi gutxien, ordurako P2P sareetan grabazioa mugitzen hasia izango baita.

James Hetfieldek eta konpainiak aurkitu dute modua Interneten euren musika eskuratu nahi duten zaletuak kriminalak balira bezala tratatu ordez –akordatu Napster aferaren garaian hartu zuten jarrera tamalgarria; bideo honek ondo ilustratzen du–, garai berrietara egokitzeko.
Horrelako grabaketentzat merkatua badago, asko dira sarean zirkulatzen duten kontzertu piratak; baina nik dakidala, orain arte talde bakar batek ez zuen asmatu publiko hori kutxatik nola pasarazi. Are interesgarriagoa da eredua sormen aldetik erabat agortuta ez dauden musikarientzat eta zaletuen sosak Metallicakoek baino gehiago merezi dituztenenentzat. Nik behintzat ez nuke zalantzarik egingo, Joseba Irazokik abenduaren 28an Donostian eskaini zuen kontzertu puskaren grabazio on bat eskuratzerik izango banu.
Eguneraketa (2013-I-08, 23:01):
Twitterren @EnekoSan-ek jakinarazi dit Fugazi taldeak ere urteak daramatzala antzeko zerbait egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA