Goya sarien bezpera

Gorka Bereziartua
0

François Ozon, Urrezko Maskorra eskuetan.

Maila oneko Sail Ofiziala ikusi dugu aurten azken bi urteetakoaren aldean, eta beharbada horregatik, palmaresa ezagutzera eman denean ez ditu inoren begietako globoak leherrarazi. Kontsentsu grisetik gertu ote gaude kritika egurkoiak partitzeko hain egokiak ziren Zinemaldiko sarietan? Ez hain azkar. Lotu zaldi hori, bakero.
François Ozonen Dans la maison pelikula ona da, inor lotsaraziko ez duen Urrezko Maskor bat behingoz –akordatzen iazko Isaki Lacuestaren Los pasos doblesekin? Ez? Nik baino zorte hobea duzue orduan–. Woody Allenen ildora hurbil daitekeen umorea eta tematika, fikzio-mailen arteko jolasa, istorioak kontatzeko beharrari buruzko gogoeta… Literatura irakaslearen bizitza dantzan jarriko duen ikaslearen istorioak ariketa polita planteatzen dio ikusleari; baina inpresioa dut hori besterik ez dela, ariketa bat, eta metafikzioaren hasierako lilura gaindituta, ez duela ikusi ditugun beste pelikula batzuek adinako arrastoa utziko.
José Sacristanek El muerto y ser felizen egindako lanarengatik irabazi duen Zilarrezko Maskorra bidezkoa da; gauza bera esan liteke Katie Cosenik Foxfirengatik jasotakoaz. Zalantza gehiago sortzen dizkit Macarena Garcíarenak, Blancanieves –barka snob jartzea baina– gainbaloratutako pieza iruditu baitzait. Eta Fernando Truebak El artista y la modelon asmatu duela uste dudan arren, osagairen bat falta zait palmaresa behar den bezala interpretatzeko.
Espainia da osagai hori, edo hobe esanda, Espainiako zinema industriak urtea joan eta urtea etorri Zinemaldiko sarietan eragiteko erakusten duen gaitasun ez batere harrigarria. Zortzi opari nagusietatik lau joan dira zuzendari, pelikula eta aktore espainiarren eskuetara eta aurtengoek beste urteetakoek baino meritu handiagoak egin dituzten arren, kromoak bezain erraz aldatuko nituzke izen batzuk –Costa-Gavrasen Le capital ezer gabe geratzea oso bidegabea da, adibidez–.
Adi, ez bainaiz Espainiako zinemari buruz ari orokorrean, Pancorbotik beherako lobby ilun batzuek bultzatzen duten zinemagintza mengelari buruz baizik. Eta Blancanieves mota horretako ekoizpenen azken alea besterik ez da, gaur Zinemaldian saritua, bihar Oscarretarako hautagai eta etzi, duda gutxirekin, Goya sorta baten jabe.
Zer beste topatzea espero zenuen ba –diost sorbalda gaineko deabrutxoak– Goya sarien bezpera bihurtua den festibal bateko palmaresean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA