Hipnotizatzen ez duen film poliziakoa

Gorka Bereziartua
0

Hypnotisören filmeko eszena bat

Suediako film poliziako batek itxi du aurtengo Sail Ofiziala. Hypnotisören —bai, niri ere Ikeako altzari baten izena ekarri dit gogora— ez da aurten ikusi dugun film onena inondik inora; pelikula motak eskatuko lukeen suspentsea faltan bota dut.

Eta aldiz, bi protagonistak ongi eraikita daudela iruditu zait. Lanarekin obsesionatuta bizi den komisario judizialak familia baten hilketa argitzeko hipnotista baten laguntza eskatuko du. Hiltzaileak hipnotista bera jarriko du jomugan orduan, haren semea bahituko du eta behin ikusleak gaiztoa nor den dakienean, bahitutako haurra salbatzea bihurtuko da protagonisten helburua.
Hizkera ripsteindarrean esateko “tuto” eta “mello” gutxiko pelikula da Hypnotisören; tentsio faltak Suediako negua bezain hotza egiten du eta bukaerako eszenak zerbait konpontzen badu ere, berandu iristen da.
Lars Keplerren nobela batean oinarritu da Lasse Hallström filma egiteko. Azken urteetan Europa iparraldeko nobela beltzak izan duen arrakastak, hau baino egokitzapen hobeak beharko ditu zineman ere tamaina bereko harrera izan nahi badu.
SAIL OFIZIALA
Hypnotisören
Zuzendaria: Lasse Hallström.
Aktoreak: Lena Olin, Mikael Persbrandt, Tobias Zilliacus.
Suedia, 120 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA