Lanik ez gazteentzat (ez hemen, ez inon)

Gorka Bereziartua
0

"2023. urtea: 56 urteko gaztea lehen enpleguaren zain" (El Roto, Espainiako El País egunkaritik hartua)

Anton Chigurh hiltzaile beldurgarria da Coen Anaien No country for old men filmean, irizpide handirik kontuan hartu gabe garbitzen dituelako parean tokatzen zaizkion pertsonak, orain hemen, orain han, orain zu, orain ni. Antzekoa da Langabezia izeneko pertsonaia: bere zortea berdin banatzen ari da hemen eta han oraindik filmatu ez duten No jobs for young (wo)men pelikulan. Nazioarteko Lan Erakundeak (ILO, ingelesezko sigletan) astelehenean argitaratu du gazteen xomaiari buruzko txostena eta 2008tik mundu osoan egoerak okerrera egin duela ondorioztatzen da lehen irakurrian.
Ez maila berean noski: Espainiako Estatuko datuak errekor goibela izaten jarraitzen du (%46,4) eta Europar Batasuna agertzen da enplegu gehien suntsitzen ari diren zonaldeen artean, baita 2008tik gazteei aldi baterako lan prekario gehien eskaini dizkienen artean ere. Eskualdeka daturik txarrena Ipar Afrikak ematen du, ia gazteen %28 dago lanik gabe eta Udaberri arabiarra hasi zenez geroztik problema handitu egin da. Ekialdeko Asian bakarrik dago datua bi digitutik behera, ozta-ozta, eta aurreikuspenak ez dira onak inon, beheko taulak erakusten duenez (egin klik irudia handitzeko).
Munduko gazteen langabezia portzentajeetan eta 2016rainoko aurreikuspenak

Krisia dela eta lehen munduko herrialdeak hartzen ari diren neurriak kritikatu ditu ILOk, konposturarik galdu gabe, betiere: “Ekonomia garatu ugaritan aplikatzen ari diren murrizketa-neurriak seinale txarra dira gazteen lan merkatua azkar berreskuratzeko bidean”. Lan politika aktiboak bultzatzeko neurriak ere gomendatzen ditu txostenak, baina zaila izango da orrazkera afruseko psikopataren moduan belaunaldi oso bat paretik kendu nahi duten agintariek kasurik egitea. Beti da errazagoa jendearen bizitzei eragingo dieten erabakiak leon-kastillo botata erabakitzea. Eszena honetako dendariaren zortea besterik ez dugu beharko, beraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA