Usopop Kontrapasa, zita indiea Saran

Gorka Bereziartua
0

Usopop Kontrapasaren afixa

Tiro bat bezala dator Sarako Usopop festibalaren otsaileko Kontrapasa, eskopetarik eta uso zartaturik izango ez den arren –“Musika berriak eta amalurra” du goiburu jaialdiak, izan ere–. Hilaren 25ean Ruper Ordorika, Rover ariko dira Lurberri gelan eta Islaia Etxola gaztetxean; ondoren, Aloé Vera DJ setarekin dantza asko luza daiteke. Antolatzaileek diote 2011n jaialdi independentearen bideragarritasuna baieztatu dela, Ipar Euskal Herrian halako proposamenentzat publikoa badela berretsi dutelako.

Etxeko artistak (Joseba Irazoki, M.Botibol) eta Frantziako Estatukoak (Baden Baden, Uncle Jelly Fish) kartel berean elkartuz hasi zen Usopop 2010eko abuztuan. Udako saioarekin gustura geratu eta, uso pasari kontrapasa gehitzea erabaki zuten iazko otsailean, Anari, Panda Valium, Leopold Skin… Eta abuztuan, ostera ere, Moby Dick, Mursego… Ez da beste edozein kontzertu bezalakoa, inguruarekin errespetua bultzatzen duen ekimena da, bisitariei bertako ekoizleen produktuak eskaintzen dizkiena.
25eko kartelburuaz, Ruper Ordorikaz, ez dut uste gauza handirik esan behar denik –ezagutzen nautenek badakite nolako debozioz jarraitzen dudan eta bere bigarren etxean ariko da, gainera–. Ohar pare bat beste bi taldeez: Rover mundu osoan ibili den musikaria da, Libanon The New Governement eta Haussman Tree taldeak sortu zituen eta bere musika hainbat filmetan erabili izan dute, besteak beste, Mikhael Hersen Montparnassen. Islaia berriz, Hazparneko lau lagunek osatutako taldea da, lehenbiziko disko laburra eramango dute Usopopera eta Myspacean dauzkaten kantak entzunda (behean duzue bat) badirudi garapen luzeko abestiak egitea maite dutela, giroak sortzea, sintetizadoreeak sotilki erabiliz.



Jaialdiko sarrerak non erosi eta beste mota askotako informazioa hemen: www.usopop.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA