Lost in the SuperDurangoMarket (III)

Gorka Bereziartua
0

Disko, liburu, pelikula edo antzezlan bat inori gomendatzeko, komeni izaten da aurretik norberak entzun, irakurri eta ikusi izana. Hasieratik bukaeraraino? Ez. Zerbaiterako asmatu zuen norbaitek mundu honetan sinekdokea eta gaur osorik jan ez ditugun arren (oraingoz), parte bat dastatuta biziki gomendagarriak iruditu zaizkigun disko eta liburu bana ekarri dugu hona.
Diskoa: Pleistozenoko astelehenak, Jupiter Jon.

'Pleistozenoko astelehenak', Jupiter Jon

Jupiter Jon du izena (gaur egun: garai batean Gabon Caligula izenarekin ere operatu zuten) Bidehuts faktoriak plazaratu duen azken taldeak. Diskoa labetik atera berri iritsi dira Durangoko Azokara eta bihar bertan kontzertua dute Lisabörekin Plateruenan. Aukera paregabea, Aida Torresen bateria-erritmo ezohikoetan oinarritutako talde honekin gozatzeko. Bandcampean dauzkaten bi kantak entzun ditut eta duela bi aste Gazteszenan egin zuten kontzertua; Egiako aretotik gazteren bat Euskal Soinu Berriari buruz hitz egiten atera zen eta, besterik ez bada ere, balio dezala gomendio honek broma-giroan sortu zen etiketa hori serio hartzen hasia naizela baieztatzeko.
Liburua: Post mortem scripta volant, Itxaro Borda.
Umore beltza datsegit eta klabe horretan idatzi du Itxaro Bordak azken liburua (uler bedi “orain arteko azkena”, jarraian ohar honi buruzko esplikazioak). Maiatz aldizkarian argitaratu ditu azken urteotan, “telenobela gisa” egilearen esanetan, orain bat eginda aurkezten zaizkigun obra honen kapituluak. Istorioaren protagonistak ez du nahi hil ondoren bere idatziak nolanahi publika ditzaten eta horregatik ekingo dio zendu ostean argitaratzea nahi duen liburua idazteari, ironia handiz egin ere. Bi kapitulu solte irakurrita, Bordaren lehen eleberria etorri zait gogora; osorik leitu behar Post mortem scripta volant hau Basilikaren ahizpa ote den jakiteko. Idazle politikoki inkorrekto berdina dute ama biek, eta hori bada nahikoa berme liburu batentzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA