Slow News

Gorka Bereziartua
0

Titularrak, titular gehiegi

Momentu historikoa, batzuetan, autobus bat bezala pasatzen da zure gainetik eta hebain-hebain eginda uzten zaitu, garbigailutik atera berri den trapua nola, apur bat zorabiatuta, ez batere txukun jendaurrerako, norantz jo behar duzun ez dakizula. 2011. urteak aski izan ditu bost hilabete nirekin efektu hori lortzeko. Erori dira bi diktadore, piztu da matxinada herrialde arabiarretan, izorratu dizkigute erretiro duina edukitzeko baldintzak, katastrofe nuklear bat ikusi dugu Japonian, interbentzio militar bat Libian, Vittorio Arrigoni asasinatu dute salafistek Palestinan, Osama Bin Laden soldadu estatubatuarrek Pakistanen, legez kanpo utzi dute Sortu, baita Bildu ere, baina ez, azken minutuan Konstituzionaleko epaileak demokraziaz akordatu dira –ezagutzen omen dute, noizean behin pasatzen ei da tribunal espainiarretatik–, eta parte hartzen utzi diote ezker abertzaleari; eta milurteko lau futbol partidu hilabete bakarrean; eta kerik gabeko tabernak; eta gasolina gora, gora, gora, gora; eta autopistetan 110 kilometro orduko, eta manifestazioak, manifestazio asko, presoen alde, lan erreformaren kontra, legeztatzearen alde, ilegalizazioen kontra; eta lip-dubak, eta flash-mobak, eta Korrika, eta Herri Urrats, eta denak ematen du argiago, eta instante bakoitza da hobea eta garrantzi gutxiago dauka, telefonoa eskutan ia beti, eta boligrafoa, gorria, eta koaderno bat, eta hogeita sei urte, neronek.

Norbaitek debekatu egin beharko lioke munduari gauzak horrela egitea: ez dago ondo hamar urtez erdi lotan egote hau, aurretik ezarritako gidoi bat betetzen bezala, eta bat-batean, bost hilabetean, dena hankaz gora jartzea. Ados, soziologo, filosofo, historialariek beste hamar urterako materiala izango dute, aurten gertatzen ari direnak aztertu eta eztabaidatzen dituzten bitartean; baina kazetariok orain eta hemen landu behar ditugu meteorito informatibo horiek guztiak; eta eskutan dauzkazunean, erre egiten dute. Gehitu, gainera, Twitter dugunetik segunduro iristen diren milaka notiziatxo, iritzi txiki eta zurrumurru handiak –begira, oraintxe sartu den batek dio Espainiako erregearen osasun egoerak nabarmen egin duela okerrera–.Total, kezkatuta nagoela: urte osoa martxa honetan jarraituz gero ez dakit zer bukatuko den lehenago: planeta, ala kazetarien nerbioak. Beharbada beste esparru batzuetan indarra hartzen ari den Slow” mugimenduaren filosofiari heldu beharko diogu. “Slow Food”-ak behar den denbora hartuz ekoiztutako janarien garrantzia azpimarratu zuen; “Slow Travel”-ak ohiko bidaia-agentzien bisita azkar eta itogarrietatik libratzen lagundu zien turistei. Ba orain, “Slow News”-ak sortzeko momentua da. Mugimendu horretako partaide izan nahi duen kazetariak, zera egin beharko luke: iraultzak, leherketak, suteak, mirariak, zernahi, gertatzen utzi, baina isilpean eduki. Notizia bat ez da publikatuko, kazetaria bera eta balizko hartzaileak albistearen inpaktua irentsi eta liseritzeko gai ez diren bitartean. Bai, “Slow News”-ak dira 2011tik onik ateratzeko bide bakarra. Hori edo… mundua gelditzea.
PS: Beranduegi berriz ere: idatzi, irratira bidali, emititu eta hurrengo egunean deskubritu dut Slow media delakoa asmatu dutela dagoeneko. Ez gatoz ezer berririk ekartzera, beraz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA