DRMarekin eta garesti: ez da nirebook

Gorka Bereziartua
15

Liburu elektronikoarekin gauza askok aldatu beharko dute

Erreportaje bat bukatu nuen atzo (hilak 25) astekarirako, gutxi gorabehera esaten duena liburu elektronikoaren zabalkundea, askotan iragarria eta beste hainbestetan atzeratua, azkenean baietz, iritsi egingo dela. Titular balientepasatua jarri nion: “Orain bai, liburu elektronikoak eztanda egingo du”. Baina uste dut badaudela bi motibo hori esateko: lehenengoa, zenbait idazle ezagunek, Philip Roth eta Orhan Pamuk tartean, ohiko editorialak bazterrean utzi eta Amazonera jo dutela, gehiago ordaintzen dietelako; bigarren motiboa da, azkenaldian ugaritzen ari dela liburuen kopia librea Interneten (batzuek “pirateria” esaten dioten hori).

Hara hor liburuen sektorean ikusiko ditugun bi zurrunbilo: batetik, idazleen royaltyak handiagoak izan beharko dira ezinbestean, liburu fisikoak eskatzen zituen kostuak desagertu ahala, bitartekariaren (alegia, argitaletxearen) irabazi-marjina egokitu egin beharko delako; bestetik, liburuak kopiatzeko eskubideari buruzko eztabaida piztuko dela esango nuke, obrek libre zirkulatzea saihestu nahi duten agenteen (alegia, argitaletxeen) eta irakurleen artean.
Erreportajea bukatu eta ez dut ba jo albiste batekin, esaten duena Gurebook plataforma sortu dutela Elkarrek, Ereinek eta Alberdaniak? Sartu naiz atarian eta aurreneko sorpresa liburuen prezioa da. Etxeberria anaien Arrain abisalak, adibidez, 17 euroan topatu dut, paperekoa baino bi euro merkeago baino ez. Eta irakurle naizen aldetik duda sortu zait, ea merezi ote duen artxibo batengatik, kostu materialik ia ez duen produktu batengatik, hainbeste ordaintzea. 17 euro horietako zenbat joango dira Xabier eta Martin Etxeberriaren kontu korrontera? Ohiko portzentajea, onenera, oker ez banago %12koa dena, eta txarrenera (oker ez banago hau ere) %9koa? Ala gehiago? Zenbat?
Bigarren dudak sigla batzuekin dauka zerikusia. Gurebook-en “ohiko galderak” izeneko sailean DRMa zer den azaltzen baitu. Hitzez hitz, webgunearen arabera, DRMa “liburuak babesteko sistema bat da”. Ez bainaiz eufemismoen oso zale, nahiago nuke jarriko balu DRMa liburuak kopiatzea eragozteko sistema dela, funtsean. Eta horrek ere trumoian sortzen dizkit galderak: Gurebook-en liburu bat erosiz gero, ezingo diot lagun bati utzi? Ze, non eta ez diodan irakurgailu osoa uzten, kopia egitea galarazita edukiko dut, ezta? Eta, nola funtziona dezake liburutegi publiko batek DRMarekin babestuta dauden liburuekin?
Bai badakit, baten batek esango du oso erraza dela trabak bilatzea. Eta ea zertan ari naizen: ez daukatela erraza argitaletxe euskaldunek digitalizazioarekin, saiatzen ari direla eta ez dela gutxi. Baina inpresioa dut norabide okerretik ekin diotela bideari: prezio horiekin ez dira irakurle asko hurbilduko; idazleek ere, liburu bakoitzeko irabazien parte handiagoa eskuratzeko aukera badute, beste norabait joko dutela uste dut. Eta eskubide digitalak ukatzetik ezin da ezer onik etorri.
Beste irtenbideren bat beharko du kontuak. Negozio-ereduaren aldaketa, irakurlea ere prozesuaren parte bihurtuko duena eta ez hartzaile huts. Orduan bai esan ahalko zaiola Gurebook. Bitartean, Batzuenbook izena egokiagoa iruditzen zait. Edo, gaizto jarrita, Facebook.

15 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA