Perpetuum mobile?

Gorka Bereziartua
0

Urriaren 26an Biarritzeko aireportua okupatu zuten grebalariek

Adiskide maiteok, 2010. urtean dena dago etengabeko mugimenduan. Dena? Ez. Herritar euskaldun, okzitaniar, bretainiar, korsikar eta galiar batzuek buru egin diote kapitalismo globalaren axioma horri eta grebaren bitartez estatua gelditzeko zorian utzi dute. Erretreten erreformaren kontrako ekimenak mugikortasunean izan duen eragina harrigarria da eta begibistan jarri du sistemak ez daukala gauza batzuei aurre egiteko adina zain.
“Sare bakoitzak gune ahulak ditu; korapiloak, desegite hutsarekin zirkulazioa gelditzen dutenak, ehundura barrutik lehertuz. Europako azken matxura elektriko handiak erakutsi du: nahikoa izango zen istripu bat tentsio altuko linean, kontinentearen zati handi bat ilunpean uzteko. Metropoli erdian zerbait altxatzeko, beste aukerak zabaltzeko egin behar den lehenengo keinua haren perpetuum mobilea gelditzea da”. Komite Ikustezinaren Datorren matxinada liburutik hartutako hitzak dira (jatorrizkoa Galian L’Insurrection qui vient; Hispanian La insurrección que viene) eta primeran datoz aurtengo urrian gertatu dena ulertzeko. Mugikortasuna erdigunean jartze horrek diferentzia argia zedarritzen baitu, produkzioa lehenesten zuen kapitalismotik gaur egungo kontsumo eredu globalera dagoena, hain zuzen.
Garrantzitsua da hori, mobilizazioak nola egin pentsatzeko: produkzio guneak gelditu ordez, energia-hornikuntza guneak eta garraiobideak bihurtzen dira grebaren helburu nagusi. Lortu birfindegiak ixtea, errepideak buxatu, aireportuak gelditu… gainontzekoa bakarrik etorriko da. Christine Lagarde Frantziako Finantza Ministroak eman du desastrearen tamaina: 200 eta 400 milioi euro arteko galerak izan ditu estatuak greba egun bakoitzeko. Eta horrek, mobilizatutako jende kopurua gorabehera, min ematen du.
[ARGIAren 2.251. zenbakian argitaratzekoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA