Munstroa orain handiagoa da, eta Ibercrea du izena

Gorka Bereziartua
2

EZgae, ezta Ibercrea ere...
EZgae, ezta Ibercrea ere...

Eta nola sortu den ulertzeko, hasieratik hastea onena. Hilak 19: Espainiako Konpetentzia Komisioak (gaztelaniazko sigletan CNC) txosten bat kaleratzen du, egile eskubideak kudeatzeaz arduratzen diren elkarteei buruz. Txostenak egurra ematen die SGAE, CEDRO eta AGEDI bezalakoei; monopolioan oinarritutako eredua ari direla bultzatzen; ez dela modelo eraginkorra; erabiltzaileak oztopatzen dituela, batez ere Internetekoak; ez dutela oso jokaera gardena… Eta funtsean, merkatua liberalizatu behar dela, sortzaileek ez dutela zertan elkarte horietara joan behar beraien eskubideak kudeatzeko.
Kontua, ordea, ez da hor geratzen: CNCren txostenak dio Espainiako Jabetza Intelektualaren legea goitik behera aldatu behar dela; eta, hori egiten ez den bitartean, neurri bigunagoak hartzea ez legokeela soberan, kudeaketa elkarteei kontratuen esklusibotasuna kentzea, kasu.
CNC Espainiako Ekonomia Ministerioaren menpekoa da. Gobernu bereko Kultura Ministerioak, ordea, juxtu kontrako iritzia du, ez du txostena ontzat eman eta ministroak bihotzez, birikaz eta hestez defendatu du SGAE, esanez elkarteak beti bete duela legea (parentesi artean, esan behar dugu ez dela harritzekoa, aspaldi jarri baitzioten Gonzalez-Sinde ministroari “Sindescargas” izengoitia).
Bien bitartean, egile eskubideen tenpluko ordena ez dago geldirik. 24 ordu eskasean moldatu dira lobby guztien ama antolatzeko: SGAE, CEDRO eta AGEDI-AIE elkartu egin dira, urtarrilak 20, Ibercrea izeneko elkartea osatzeko. Manuel Medina izango dute buru. Medina jauna, PSOEko eurodiputatu ohia, ezaguna da 2007an P2P sareen debeku erabateko, absolutu eta totala eskatu zuelako.
Eta momentuz honaino. Kontuak soka luzea ekarriko du ziurrenik, baina nik ez dut blog honetan jarraitzeko asmorik. Burutazio eta anekdota banarekin bukatuko dut.
Burutazioa: Txosten batengatik hain jarrera numantinoa hartzen duten elkarteek, zer ez ote lukete egingo Kultura Ministerioaren haizeak kontrakoagoak izango balira?
Anekdota: Jakin ahal izan dudanez, SGAE dirua biltzen ari da bazkideen artean Haitiko lurrikaran kaltetutakoentzat. Ez al dira maitagarriak? Orain arte 18.000 euro dauzkate horretarako prestatu duten kontuan. Nork jarri duen hainbeste diru? Espainiako Internauten Elkarteak: kalteordaina, www.putasgae.org webari ostatu emateagatik isuna jarri baitzien Auzitegi Gorenak.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA