Agur Nun; edo, beste bat arte

Gorka Bereziartua
8

Nun taldeko kideak (Arg.: Ander Egiluz)
Nun taldeko kideak (Arg.: Ander Egiluz)

Hamarkada berria hasi eta asko itxaron gabe etorri da aurreneko biktima musikal hurbilekoa: Xabi Doncelen (baxua Nun taldean, ahotsa Gazteako B Aldea saioan) mezu bat atzo, esanez Nunek disko berria atera behar duela eta gero… agur. Taldea uztea erabaki dute. Hala jarri dute webean ere: “Disko berria eta agur”.
Tristatzea beste erremediorik ez dut. Getxotarren musika nire ’00ko hamarkadako soinu bandaren parte garrantzitsua izan da: kontzertuak etortzen zaizkit, Leioako gaztetxeko hura adibidez, artean maketa aurkezten, bukaerako crescendo (nolabait esatearren) harrigarri harekin; edo Bilboko Kafe Antzokian, Eremulauak agurtzeko Standstillekin batera jo zutena. Eta zer esan Collage diskoaz? Eremulauak Ediziogunea martxan jartzeko bilerak, diskoaren aurkezpena, denarekin ezin jarraitua eta… ez, ez nago negarrez, zerbait sartu zait begian…
Baina anekdota pertsonalez gain, egin duten musikaz landa, boskote honi aitortu behar zaio bestelako meriturik: aurrenekoetakoak izan ziren Euskal Herrian diskoa copyright-ik gabe ateratzen (MusikHerriak eta Ortotsek ere orduantxe, 2005-2006 inguruan kaleratu zituzten lehen erreferentziak). Hasieratik ez zuten zalantzarik izan: diskoa edonork kopiatzeko moduan; eredu berriak asmatzeko ordua da (lizentzia motei buruzko eztabaidatxoak tarteko…).
Orain azken kontzertua eskaintzera doaz, ez dute zehaztu noiz (ea joaterik badugun). Agur Nun; edo, beste bat arte: kantak hor geratuko dira eta, batek daki hamar urteren buruan kultuzko talde bihurtu eta herriak zuen itzulera eskatuko ez ote duen. Bitartean, zorte on bakoitzari!

8 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA