Erbia esan eta katua eman: "Zeitgeist" filmaren digestio txarra

Gorka Bereziartua
4

'Zeitgeist' filmaren kartela
'Zeitgeist'-en afixa

Behin baino gehiagotan gomendatu izan didatenez, atzo, azkenean, jarri naiz ordenagailuaren aurrean  Peter Joseph-en Zeitgeist (2007) dokumentala ikusteko. Bigarren zatia ere badu, Zeitgeist: Addendum (2008), baina ez dut ikusi oraindik (nahiz eta itxura hobea duen aurrenekoak baino). Beraz, blog honen gorriaren gainean zin dagit, ikusi bezain pronto idatziko dudala hartaz ere.

Hiru partetan banatutako filma da Zeitgeist, eta aurrenekoa soberan dauka ikusle europar ateoak, nire ustez, kristautasuna gainontzeko erlijio monoteisten oso antzekoa dela erakusten saiatzen baita. Ez digula mundua deskubrituko, alegia. Interesgarria izan liteke, jendea Da Vinci kodea eta tankerako produktuak irakurri bakarrik ez, sinetsi ere egiten ari den garaiotan, baina esan bezala, ni ez nau gehiegi konbentzitu. Batez ere, Dan Brownen lanetako efektuen antzekoak, asko soma daitezkeelako dokumentalaren lehen partean. Dena dela, AEBetan beharbada beste zentzu bat izango du…
Bigarren zatian I-11ko atentatuez egiten du berba. Bushen administrazioak atentatua antolatu zuela pentsatzeko frogak eskaintzen ditu, baita horretarako motibazio posibleak eskaini ere. Iritzi giroa sortzea da, filmaren ustez, erasoen helburua. Giro hori erabiliko da gero, eskubide zibilen murrizketa ahalbidetzeko; baita Irakeko eta Afganistaneko inbasioak justifikatzeko ere. Hori baieztatzeko ere, ez dut uste kopetan argi berezirik behar denik. 2007. urtea baino lehen ere bagenekien gerra horiek aitzakia faltsuekin egin zituztela. Gainera, Michael Moore-ek egina zuen 2004an Farenheit 9/11 filma, ildo beretik tiraka. Dena dela, honek ere AEBetan beharbada beste zentzu bat izango du…
Baina sar gaitezen filmaren zati mamitsuan: hirugarren parteak erakusten digu familia boteretsuek AEBetako Banku Zentrala desagerrarazi ondoren nola sortu zen Erreserba Federala. Nolako boterea duen, nola bere interesdun maileguen sistemak AEBen printzipio fundazional liberal klasikoak kolokan jartzen dituen. Bankari garrantzitsuenez (Rotschild, Rockefeller, Morgan) hitz egiten du, esaten du XX. mendeko gerra handietan, beti egon direla gortina atzean. Hortik Iparramerikako Batasunaren balizko proiektuaz hitz egitera pasatzen da (filmean gauzatutzat jotzen dute), Munduko Gobernua sortu aurreko urratsa izango dela dio, hori dela bankari horien helburua: gutxi batzuen eskuetan biltzea indar guztia, herritar denak neurri bereko zapatetan sartuz.
Eta harrigarria egiten da, hori salatu asmo duen film batek ondoko pernandokeria botatzea segidan:

Erlijioak, abertzaletasunak, aberastasunak, klaseak eta beste edozein banaketa arbitrario eta separatistak aukera eman du populazioa kontrolatzeko, eta, gutxi batzuen eskuetan, erabat gaiztotu ahal izateko.

Film iraultzailetzat neukan honek, ez du gainditzen soziologiako lehen mailako edozein ikaslek dakiena. Alegia, “banaketa arbitrario”-tzat jotzen diren horiek, ez direla, izan, hain arbitrarioak. Pertsonak animalia sozialak garela, identifikazio eremuak behar ditugula “ni” kategoria partikularraren eta “mundua” kategoria abstraktuaren artean. Eta horregatik funtzionatzen dutela, beraien kontraesan eta guzti, aberrian, klasean edo erlijioan oinarritutako gizarte mugimenduek, beste batzuk ez aipatzearren. Iraultza ez da horiek guztiak baztertuta tabula rasa egitea (bide batez, oso zaila dena, animalia soziala izateaz gain, prozesu historiko ugariren fruitu ere bai baita pertsona);  eta hori aldarrikatzea, beraz, maniobra argumental eskasa dela uste dut, are gehiago filme honetan bezala, bukaeran eta presaka egiten bada.
Finean, Zeitgeist film liberala da. Antzematen zaio, iradokitzen duenean egokiagoa zela AEBen aislazionismoa bi mundu gerren hastapenetan, interbentzioa baino. Baita, liberal klasikoek hainbeste maite zuten urre patroia nostalgiaz gogoratzen duenean ere.
Noski, “liberal” hitzak beste zentzu bat du AEBetan… Baina “banaketa arbitrario” batzuen erruz, lerrook sinatzen dituenak ezkerra anarkismoarekin, sozialismoarekin eta komunismoarekin lotzen du, eta nekez ikusiko du proiektu eraldatzaile baten hazia horrelako proposamenetan. Are gutxiago dokumentalaren argudio askok hain oinarri makalak dituztenean (batez ere ekonomiaz mintzo denean).
Erbia esan eta katua eman didatela, alegia. Zeitgeist: Addendum-ek behintzat itxura hobea du. Banketxeak nola boikoteatu erakusten duela esan didate… Baina tira, ezin jakin. Kontatuko dizuet. Bitartean, dokumentala ikusteko gogorik geratu bazaizue, hemen behean daukazue (azpitituluak gaztelaniaz daude).
Zeitgeist – Peter Joseph

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA