Bihur dezagun Larrabetzu denbora-unitate

Gorka Bereziartua
0

literaturia
Literaturia-ren logoa.

Titular kriptikoaren atzean borondate sendoa dago: gaurtik igandera Larrabetzun antolatu duten Literaturia-ren potentziala aldarrikatzea. Eta horretarako garrantzitsua iruditzen zait Larrabetzu denbora-unitate bihurtzea datozen urteetan, Durangoko Azoka bihurtu zen era beretsuan. Erran nahi baita: “Durangorako aterako du halakok liburua” entzutean, denok dakigula Durango “non” izateaz gain, “noiz” ere badela. Eta nahiago nukeela euskara hutsezko lehen literatur azokarekin, Literaturiarekin, antzeko zerbait gertatzea.

Durangoko Azokak izan ere, zenbait jenderen (eta nire burua zaku horretan sartzen dut) eszeptizismoa eragin baitu azken urteotan: ferian salgai dauden liburu asko gaztelaniazkoak dira, literaturatik oso urrun dauden produktuak geroz eta ugariagoak dira… Standak bete bai, baina Durango “edukiz hustu” dela zioen Gorka Arrese Susako editoreak ere joan den abenduan, astekarian argitaratu genuen erreportaje batean.
Ados nago neurri batean. Eta ez da bata bestearen kontra jartzeagatik, baina beste liburu azoka bat beharrezkoa dela uste dut; bestelakoa izango den bilgune bat; Durangokoak eskaintzen ez duen zerbait eskainiko duena. Liburuak salgai egoteaz gain, literaturaz hitz egiteko balioko duena, eta euskara hutsezkoa. Bada, antolatu dute. Gaur hasiko da. Uste dut asmatu dutela urte sasoiarekin: udan irakurtzeko denbora gehiago izaten dugunok, eskertuko dugu sargorirako nobedaderen bat.
Datozen urteetan izango duen ibilbidea ikusteko dago, baina hedabideetan lan egiten dugunon lana da, baita blogari eta mediaktibista ororena, ekitaldia behar bezala jarraitzea, Larrabetzu gure kulturgintzako denbora-unitate bihurtu nahi badugu.
Zeinek daki, beharbada, hemendik urte batzuetara entzungo duzu, halakok “Larrabetzurako” aterako duela liburua…

• Literaturia-ren egitaraua ikusi

Eguneraketa (2009-VI-5, 18:11):
Literaturia zuzenean jarraitzeko pantailatxoa dago Larrabetzu.org-en, eta neuk ere txoko honetara ekartzea ondo legokeela pentsatu dut. Egin klik beheko pantailaren gainean oraintxe bertan zer gertatzen ari den jakin nahi baduzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA