Euskal selekzioari izen berria jartzeko proposamena

Gorka Bereziartua
3

Inuzentea ni, futbolari buruzko eztabaida bat zelakoan, ez nion arreta handiegirik jarri joan den urteko gabonetan euskal selekzioaren izenarekin sortu zen polemikari. Beranduago, politikaz ari zirela ikustean, gai horri buruz iritzitxo bat, asko formatu gabea, txikia eta zirtzila osatu nuen nire buruarentzat, baina nonbait publiko egiteko aukera izan nuenerako olioa epelduta zegoen; eta niri aitzakia falta gaiari giderretik heltzeko.

Ofizialtasuna bakarrik ez, izen berri bat ere behar du gure selekzioak!
Ofizialtasuna bakarrik ez, izen berri bat ere behar du gure selekzioak!

Aurrekoan eman zidaten ordea, motiboa: autoan nindoan Info7 irratia entzuten, eta hara non Txapelpunk taldearen kanta bat jarri zuten. Iñigitoren banda ez da nire kuttunenetakoa, baina gogoan nuen entzuten ari nintzen kanta hura: Euskadi zuen izena, nik ezagutzen nuen bertsioan, “Euskadi” oihukatzen zuen estribilloak, letraren parte batean “…herria, Euskadi, gola ospatzen ari da” esaten zuen.
Baina, ez, irratiak ematen zidana ez zen nik ezagutzen nuena: taldeak disko berrirako aldatu egin du abestiaren izena. Orain Euskal Herria du izena. Eta estribilloan ere, noski, “Euskal Herria” esaten du. Badirudi Txapelpunkek beharra sentitu duela polemika horretan bere burua birkokatzeko.
Ez zait ekidistantzia gustatzen, eta aitortu behar dut askoz nahiago dudala bizi garen lurralde puxka honi Euskal Herria esatea, mila motibo historiko, linguistiko, politiko eta estetiko tarteko. Iruditzen zait hobeto biltzen duela Euskal Herria izenak zazpi lurraldeen izatea, Euskadi murriztuak baino. Zerbaitengatik Euskalerria Irratiak emititzen du Iruñetik, gure hiriburutik; eta ez Donostiatik, edo Bilbotik, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik bezala. Gainera, ez da ahaztu behar “Euzkadi” Sabinoren inbentzio bat dela, eta nazionalismo sabindarraren eta nire artean zenbat eta metro gehiago jarri, orduan eta lasaiago sentitzen naiz.
Baina gustu pertsonalak gorabehera, selekzioaren kontu honekin, uste dut beste gogoeta bat egin beharko litzatekeela. Esan nahi dut, gure futbol taldearen izenarekin ados jartzeko gai ez bagara, nekez lortuko dugula helburu sakonagorik. Ez dut ezagutzen munduan mugimendu nazionalistarik, arrakasta eduki duena sortu nahi duen subjektu politikoaren izenarekin ados jarri gabe.
Beraz, aurreneko pauso bezala, eta herri honetako abertzale guztien kontsentsua eta batasuna kiroletik hasiko dela sinetsita, uste dut beharrezkoa dela denok bat egiteko moduko izen berriak asmatzea; izen pluralak, izen zabalak, sentsibilitate guztiak batuko dituzten izenak. Fuera Euskadi, Euskal Herria, Nafarroa… Fuera denak. XXI. mendeko izenak behar ditugu, sigla modernoen bidez osatuak, gure intentzioak argi erakutsiko dituzten izenak, mistika eta etnizitate arrasto oro baztertuko dituztenak.
Momentuz, hona nire proposamena futbol selekzioentzako: Munduko Euskaldun Kirolarien Aurpegi Ugariko Elkarte Nazionala. Abantaila asko ikusten dizkiot izen honi: globala da, mundukoa denez; anitza, aurpegi ugarikoa den neurrian; baina era berean nazionala da, eta euskalduna. Gurea. Abantaila asko bai. Txikiena ez da izango, taldeek galtzen dutenean euskaldun guztiei gehien gustatzen zaien kirola egiteko parada eskaintzea, hau da, txakurrenak esaten ibiltzea. Izan ere, entzule, ez dakit konturatu zaren, Munduko Euskaldun Kirolarien Aurpegi Ugariko Elkarte Nazionalak partidu bat galtzean, lasai asko esan ahalko duzula, “M.E.K.A.U.E.N. selekzioa!”.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA