Futbol transbertsala edo berdinketaren politika

Gorka Bereziartua
0

Transbertzale bat
Transbertzale bat argazkian. Berdinketaren politikaz mintzatu zait gaur Bilardo.

Eguzkitako betaurrekoak eta “niri-horrela-ez-begiratu” aurpegia, Bilardo ohi baino beranduago sartu da Txartelera gaur. Futbol posibleak beste ostiko txar bat jaso du asteburuan, joko inposiblea egiten duen talde bakarrak Espainiako liga ere irabazi duenez. Eta etortzeko daudenak. Baina Alavesek eta Eibarrek berdindu, eta biak 2. B mailari begira egonda, Txapeldunen Liga urrun geratzen da gure tertuliatik.
— Errua, transbertsalitate puta horrena duk. —esan dit Bilardok uxuala zerbitzatu diotenean, mahaira esertzen— Alde guztietan sartua zegok, nazka ematen dik —aurreneko tragoa, karkaxa lurrera— eta orain futbolera ere iritsi duk.

Astelehen goizero berdin: eskuadratik sartu dit aurrenekoa zaharrak. Ez dudala ezer ulertu, esplikatzeko mesedez.
— Partidua ikusiko huan? Derbya, esan nahi diat…
Keba.
— Bueno, igual dik. Koadroa ezagutzen duk: irabazi egin behar zian Alavesek; irabazi behar Eibarrek ere. Eta jo, eta berdindu. Ez hi eta ez ni, biak joango dituk zulora martxa honetan.
— Bai, hori badakit Bilardo…
— Orduan badakik jakin beharreko guztia.
— …
— Ez duk harrapatzen e?
Keba.
Buruan hazka egin du. Beste trago bat, korroskada. Telebistan botatzen ari diren zaldi-karrerari begiratu dio puska batez (puska diot: igual 10 minutu); ni, bitartean, pentsatzen, uste nuena baino gehiago izorratzen didala norbaitekin hizketan hasi eta elkarrizketa motiborik eman gabe eteteak. Haserretzen hasi naiz. Eta juxtu Bilardori kontuak eskatzera nindoanean…
— Aber, hi abertzalea haiz?
— Joder, Bilardo, galdera horiek! Ba ez dakit… Bai, edo, ez, edo… segun eta noiz; segun eta non; segun eta norekin.
— Igual dik. Hi ere kutsatuta hago, baina ez haiz mutil txarra. Oraindik errekuperatuko haugu.
— Zer esan nahi…
— Ixo! Alaves-Eibar. Biek irabazi behar, eta berdindu. Bientzat kalte. Horraino bai?
— Bai.
— Ondo. Ba, praxian, horixe duk Euskal Herriko politikan azken urteetan hainbeste haizatu den tranbertsalitatea.
— Em… Azalduko gehixeago?
— Politika eta futbola horretan ez dituk oso diferenteak. Gol gehien sartzen duenak irabazten dik; boto gehien duenak gobernatzen dik.
— Bai, bai, egia da hori.
— Baina irabaztea zail ikusten denean, politikan sartzen duk hitz bat, eta duk “gobernagarritasuna”. Futbolean horri esango genioke barrabilduta egotea, kastillano garbian acojonoa. Indarrik ez, ustez behintzat, eta kontrarioarekin bake-bakean ibili nahi, denak ondo elkarrekin, zelaierdikerian, paseak kontsentsuz ematen…
— Ya, eta horrek esan nahi du…
— Horrek esan nahi dik, partidu bat horrela egitea posible dela. Bi, hiru… Baina joan hadi berdintzera astebururo: erdietan berdinduko duk, beste erdietan galdu. Irabazi inoiz ez.
Hemen abisatu behar dizuet nik ez dakidala gauza handirik politikaz. Egunkarietan irakurtzen dudana-eta, ez askoz gehiago. Horregatik barkatuko didazue solasaldiaren hurrengo puskan xaloegi aritu banaiz.
— Uste dut harrapatu dudala, Bilardo. Horren arabera, politikaz hizketan, Ibarretxe lehendakari izan den artean ez da berdintzera joan, ezta? Irabaztera joan da…
— …edo horrelako zer edo zer, bai.
— Baina, handik eta hemendik, analista askok esan dute horrexegatik galdu duela agintea: zelai erdi gutxi, aurrelari gehiegi…
Eskua aurpegitik pasa du, Job berraragitu baten sufrimenduz.
— Bereziartua… Batzuetan ezin diat hirekin. Esaidak: Alavesek eta Eibarrek zergatik egin zitean berdinketa ustel hori, gehiegi erasotzeagatik?
— Ez dakit, esan dizut ez nuela partidua ikusi.
— Ba ez zituan atera bakoitza sei aurrelarirekin, jakin ezak hori. Asko erasotuz gero, eta ondo, ez duk berdinduta bukatzen. Baina hauek berdintzera atera hituan, eta zer egingo zitean ba? Berdindu. Futbol josujondarra duk hori: ez inposatu, ez eragotzi; ez defenditu, ez golik sartu; ez egin ezer eta txaloak entzun. Baina lehen ere esan diat, horrela, asko jota, berdindu egiten duk. Irabazi inoiz ez. Eta azkeneko hauteskundeetan, galdu.
— Ez zaude kontentu Lopezekin.
— Ni zaharra nauk, berdin zaidak. Baina ez didak esango azkeneko hauteskundeek ere futbolarekin konparatzeko ematen ez dutenik: arbitroa erosi eta jokalari batzuk kanpora; azkeneko minutuan eskuineko eskua luza-luza eginda irabazteko gola sartu…
— Bueno Bilardo, berandu da, joan beharra daukat —esan diot. Altxa eta kontua pagatu dut, baina Bilardok ez dit kasurik egin, bakarrizketan jarraitu du, futbolaren eta politikaren konparazioan murgil eginda: ikusi beharko dela PSEk ezkerretik barnekaldiak egiteko aukerarik duen, Quiroga izango dela azken urteetan Legebiltzarrean egon den delantera onena…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA