Ez gaitu hotz utzi

Gorka Bereziartua
0

'Frozen river' filmeko eszena bat

Emakumea negarrez, zigarroa ezpainetan. Gabon aurretik senarrak utzi egin ditu bera eta bi semeak. Etxe berria erosteko dirua berarekin eraman du, hotza egiten du. Kanada eta AEBen arteko mugan gaude, etxe prefabrikatuak, elurra, white trash klaseko familia igarri dezakegu lehen planoetatik, amaren (Melissa Leo) tatuajeak ikusita.
Diru premian, legez kanpoko etorkinen trafikoan murgilduko da ama, mohawk komunitatean baztertuta dagoen beste ama single batekin (Misty Upham). Bien arteko harremana da filmaren motibo zentrala: hasieran interes ekonomiko hutsagatik elkartuko badira ere, apurka harremana samurtzen joango da. Etorkinak AEBetan sartzeko autoz zeharkatu beharko duten ibai izoztua izango da lekuko.
Istorioak ezinegona sortzen du, filmean sartu egiten da ikuslea, pertsonaiak ondo landuak daude horrelako gai batean manikeismoan erortzea erraza den arren. Ingurua ere, aipatutako ibai izoztua alegia, beste pertsonaia bat da bukaerarako. Bi funtzio betetzen ditu filmean: batetik pertsonaien joan-etorrirako topos-a da; bestetik, pertsonaia horien harreman hotzen metafora.
Azpimarragarria bigarren mailako pertsonaien lana ere: Charlie McDermott-ek familiaren egoera hobetzeko zerbait egin nahi duen nerabea antzeztu du. 18 urte baino ez ditu, harrigarria.
Sundance-eko jaialdian saritu zuten Courtney Hunt-en opera prima hau. Pena litzateke sari hori jaso izanagatik Donostiako Zinemaldian errekonozimendurik gabe geratzea, Sail Ofizialean eskaini dituztenen artean pelikularik sendoena iruditu baitzait oraingoz.
FROZEN RIVER
Sail Ofiziala
Fitxa teknikoa. Zuzendaria: Courtney Hunt. Aktoreak: Melissa Leo, Misty Upham, Michael O’Keefe, Mark Boone Jr., Charlie McDermott. AEB. 97 minutu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA