Zergatik ez zituen Podolskik golak ospatu?

Gorka Bereziartua
0

Lukas Podolski

Ez esan Eurokopako atzoko Alemania-Polonia partiduak ez zeukala morborik futbol kontuetaz landa: esatariek ez zuten kirolean hain ohikoa den gerra hizkera erabili badaezpada. II. Mundu Gerra tabua ote oraindik? Batek daki. Beharbada hankasartzeren bat egiteko beldurra izango da. Poloniarrenak ziren harmailak eta kameren arreta (askoren ustez 1982ko Boniek eta enparauen taldeaz geroztik herrialdeak izan duen talderik onena da aurtengoa). Zelaian ordea, beste hark esan bezala, betikoa; futbola hamaika hamaikaren kontrako kirola da eta beti irabazten dute alemaniarrek. Lehen golarekin etorri zen partiduko anekdota. Lukas Podolskik sartu zuen, baina ez zuen ospatu nahi izan. Bigarrena sartu zuenean barkamena eskatu zuen. Arrazoia? Goazen 1945era.
Urte hartan Armada Gorriak eta Poloniar Herriaren Armadak Silesia okupatu zuten, artean lurralde alemaniarra. Liberazioaren ondoren, Yaltako Konferentzia eta Potsdameko akordioekin Alemaniak ia Silesia osoa galdu zuen, Oder eta Lusatian Neisse ibaietatik ekialderako lur guztiak.
Berrogei urte beranduago, 1985ean, Lukas Podolski Gliwicen jaio zen, Ipar Silesian; Polonian, beraz. Bi urte zituen bere familiak Alemaniara joatea erabaki zuenean. Lukasen aiton-amonak alemaniarrak izateagatik familiak eskubidea zeukan herrialde germaniarrean bizitzeko.
Poldi 2004. urtetik da Alemaniako selekzioko jokalaria. Gauzak bestela izan zitezkeen baina: 2003an, artean Alemaniako bigarren mailako 1. FC Köln taldean jokatzen ari zenean, pare bat erakustaldi egin zituen eta prentsaren arreta bereganatu. Orduko Poloniako hautatzaile Pawel Janasi galdetu zioten ea selekziorako dei egingo ote zion. Erantzuna: “Polonian gaur egun aurrelari askoz hobeak dauzkagu eta ez dut ikusten arrazoirik jokalari bati dei egiteko, Bundesligan bi partidu on egin dituelako”. Askoz partidu on gehiago etorri ziren atzetik ordea, eta urtebetean alemaniarrek “fitxatu” zuten.
Nolanahi, golak sartu osteko erreakzioa ikusita ezin esango du Podolskik %100ean alemaniar sentitzen denik. Bere atzoko erreakzioak mestizaiaren kolorea eman dio hain zurruna den estatu arteko kirol lehiari. Mugarriei ostiko ederra eman diezu Lukas, mila esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA