Aski al da?

Gorka Bereziartua
0

¡Basta ya! dirurik gabe geratu da antza: euren webgunea berritzeari utziko diotela iragarri dute. Eta webgunea berritzeko sosik ez daukan “gizarte mugimendua”, ez da gizarte asko mugitzeko gai. Barkua aspaldi ari zen hondoratzen eta hemen inork ito nahi ez duenez, azken tripulanteek hortzak izerdituz helduko diote Rosa Diezen UPyD-k Espainiako Kongresuan lortu duen eserlekuari. Derrigorrezko barretxoak apalduta, har dezagun minutu bat gaiarekin estuki lotuta dagoen gogoeta bat egiteko.
Duela gutxi iritsi zitzaidan esku artera Susan George-en La pensée enchaînée liburua (euskaraz ez dago, espainolez El pensamiento secuestrado). AEBetako eskuin muturrak azken hamarkadetan herrialdeko iritzi-giroa kontrolatzeko erabili dituen estrategien azterketa zorrotza da. Think-tank-ak, ikerketa zentroak, lobby-ak eta presio taldeak ditu hizpide. Ondorio nagusia: neocon estatubatuarrek urte asko jardun dutela ereiten, uzta ere beste hainbeste urtez bilduko dutela, boterean egon ala ez. George ez dago batere ziur hurrengo AEBetako presidentea alderdi demokratakoa bada gauzak asko aldatuko direnik, talde horiek eragin handia dutelako instituzioetan. Datuak ezagutu nahi dituenak liburura jo dezala: milioika dolarreko inbertsioa egin du urte askoan eskuinak propaganda sortu eta zabaltzeko helburu hutsarekin.
Antzeko zerbait esan liteke ¡Basta ya! bezalakoez. PPren zortziurtekoan onddoak bezala ugaritu ziren fundazio, ikerketa zentro eta mugimenduen artean ezagunena da beharbada, baina inola ere ez bakarra. Orain, finantziaziorik gabe, ateak ixteko aukera asko dituela dirudien arren, komenigarria litzateke etxafuegoak beste baterako gordetzea: batetik, desagertuta ere, eztabaida politikoan urte luzez iraun dezakeen hondakina uztea lortu duelako (bestela gogoratu azken bake prozesuan PSOEren ezintasuna Espainiako oposizioa domatzeko; Euskal Herrian ere nahiko ohituta gaude honezkero euskararen, abertzaletasunaren eta abarren kontrako astakeriak aditzen); bestetik, ¡Basta ya!-ren gainbeherak zerikusi handiagoa duelako bere kideek hartu duten norabidearekin, ez ordea horrelako elkarteen eraginkortasunarekin. Xenpelarrek kantatu zuen bezala, “sortuko dira berriak”.
Sortu ziren, baina lozorroan egon dira: hozkia sentitu nahi duena sar dadila FAES fundazioaren webgunera. 1989tik funtzionatzen du PPren inguruko erakunde horrek eta diru potoloa mugitzen du. Familiaren Foroa, abortoaren aurkako taldeak… presio talde garrantzitsuak ari dira bihurtzen Espainiako politikagintzan.
Eskuin mutur horren antipodetan mugitzen diren euskal alderdiek badute zer pentsatua: ideiak ez dira beren pisu hutsarekin defendatzen; zerbaitengatik ari dira hainbesteko sosak inbertitzen propaganda zabaltzeko eta iritzi giroa baldintzatzeko. Nola egin aurre? ¡Basta ya!-ren porrotaz poztea baino zerbait gehiago beharko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA