Lapurretaren artea

Gorka Bereziartua
0

margolanen-lapurra
Lapur bat, margolana besapean alde egiteko prest.

Alarma guztiak uztaileko azken egunetan hasi ziren joka. Beranduegi. San Petesburgoko Hermitage museoan 221 artelan ostu zituztela argitaratu zuten mundu osoko egunkariek. Urte honetako lapurretarik sonatuenak dirutzak mugitzen dituen fenomenoa agerian utzi du: arte lapurretaz ari gara.
Philippe Baquék Le Monde Diplomatiquen idatzitako artikuluaren arabera arma eta droga trafikoaren ondoren jabego kulturalaren lapurreta da munduan irabazi handienak ematen dituen hirugarren legez kanpoko jarduera. Kaltetuenak herrialde pobreak dira, batez ere gerra garaian, Baquék dioenez.
2003an Irakeko museoetan gertatutakoak nahikoa argi uzten du hori: Eleanor Robson The Guardian egunkariko kazetariak 6.000 eta 10.000ren artean kokatzen du orduan lapurtutako artelanen kopurua. Baina munduko beste leku batzuetan ere badute honelako gertakarien berri: Perun antzinako 100.000 hilobi lapurtu dituzte azken urteetan; Zipren 16.000 ikono eta mosaiko ostu dituzte elizetatik; hori Iranen, Jiroft hirian 2002tik gaur egun arte izan diren harrapaketak ahaztu gabe, noski.

Artelan ezagunen lapurreta

Hori ez da, hala ere, gorago aipatu dugun Hermitage museoko lapurretaren kasua. San Petesburgon eskua sartu zutenek mundu osoan ezagunak diren lanak eraman zituzten. Aste honetan bertan ere, irailaren 1ean, antzeko kasu bat izan da albiste:  Edvard Munch-en “Oihua” eta  “Madonna” margolanak berreskuratu dituzte, nahiko modu susmagarrian berreskuratu ere. Gogoratu duela gutxi, abuztuaren 22an, preso dagoen banku lapur bat bi lanak non zeuden esateko prest azaldu zela, kartzela zigorra murrizten bazioten. Poliziak adierazi du ez duela inolako laguntzarik jaso, baina koadroak nola aurkitu dituen ere ez du azaldu oraingoz.
Hilabete gutxiko tartean argitaratutako bi berri horiek erakusten dute “negozio” hau noraino iristen den. Eta hain zabaldua dagoen fenomenoa izanda, liburu asko kaleratu dira gai honen inguruan noski. Ikerlan ezagunenen artean Milton Esterowen “The art stealers” (“Arte lapurrak”) liburua dago. Lan horretan esaten duenez, artea ostuz bizimodua ateratzen dutenen gremioa “artea bera bezain zaharra da”. Ez da hain erraza ordea ohiko lapurraren irudia osatzea: “lapur profesional, hiritar eta sofistikatuetatik, beatnik homosexualetaraino; Braque eta Brueghelen lanetan adituak direnetatik, analfabetoetaraino” mota guztietako lapurrak egon daitezkeela dio Esterowek.

Arotzak “Gioconda” ostu zuenekoa

Vincenzo Perugia ez zen goian aipatutako sofistikazio horien zalea. Ez zuen eskularru zuririk erabili 1911n Louvre museotik munduko margolanik ezagunena lapurtzeko. Perugia arotza zen, Italiarra oso, hori bai. Esterowek bere liburuan kontatzen duenez, jasanezina egiten zitzaion Da Vinciren maisulana frantziarren eskuetan zegoela ikustea. Abertzaletasunak bultzatu zuen beraz, igande batez Louvreko gela ilun batean gorde, astelehenean museoa itxita zegoela baliatuz koadroa hartu, irteerako atearen eskutokiko torlojuak atera eta ihes egitera. 27 hilabete beranduago berreskuratu ahal izan zuten “Gioconda”, Perugia 100.000 dolarren truke Florentziako Uffizi galeriari saltzen saiatu zenean. Bitxikeria modura, deigarria da lapurreta egin izanaren susmagarrien zerrendan, Pablo Picasso bera ere egon izana.
Eta Malagako artista arte lapurretarekin lotu dugunez, ezin alde batera utzi glamour gutxiko beste lantxo bat: aurten, otsailaren 27an inauterietako desfilea Rio de Janeiroko Chacara do Ceu museoaren paretik igaroko zela jakinda, lapur talde batek Picassoren “Dantzaldia” ostu zuen Dalíren “Bi balkoiak”, Matisseren “Luxenburgoko lorategia” eta Moneten “Marine” koadroekin batera, sanbaren erritmoaz lagunduta. Harrapakinaren balioa (50 milioi dolar, 38,7 milioi euro alegia) eskasa iruditu zitzaien nonbait: ihesean zihoazela museoa bisitatzen ari ziren Zeelanda Berriko eta Australiako bi bikoteri telefono mugikorrak eta diru-zorroak kendu zizkieten.

Interes handiko gaia

Hemen azaldu ditugun adibideek argi samar uzten dute artelanak osten dituztenen bizimoduak ez daukala filmetan izan ohi duen xarma. Ikusgarritasunean behintzat, oraindik fikzioa errealitatearen aurretik dago. Hala ere, ezin da ukatu gaiak gizartean sortu izan duen interesa. Imdb.com atarian arte lapurretan oinarritutako filmen zerrenda luzea aurkitu dugu eta ez da laburragoa Interneten gai honen inguruan bereziki ari diren web gune eta blogen sorta. Besteak beste www.saztv.com atarian desagertutako artelanen zerrenda eta lan bakoitza berreskuratzeagatik eskaintzen den diru saria agertzen da. www.artstealer.com blogak berriz 2004tik hona gaiaren inguruan argitaratu diren artikuluak biltzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA