Argazkia: Irantzu Pastor (Hebron) Testua: Jumal Juma, Stop the Wall kanpainako koordinatzailea
Palestina okupazioaren, arrazismoaren eta kolonialismoaren kontrako borrokaren sinbolo da nazioartean. 2011ko urriaren 15ean zenbaitek intifada globala deitu dutena hasi zen; hainbat herrialde inperialismoaren aurka altxa zen.
Nazioarteko ekintzaile bat nigana etorri, eta esandakoagatik zoriondu ninduen lehen aldian, harritu egin nintzen. Palestinarrok ez geniola borrokari utziko esan berri nuen, ez geniola borroka egiteari utziko, askatasuna lortu eta justizia egin arte. Orain, gure borrokak munduarentzat duen garrantziaz jabetu naiz. Baita horrek dakarren erantzukizunaz ere. Palestinak borrokari eusten dion heinean, esperantza izango du jendeak, eta ez soilik gure jendeak.
2010ean, Hegoafrikako Sindikatuen Batzarrak zera idatzi zuen: “Palestinaren borroka apartheidaren, okupazioaren eta kolonialismoaren aurkako gure garaiko mundu mailako sinboloa bilakatu da”. Komunikatu horrek argi eta garbi deskribatzen du azken hamarkadan nazioarteko ekintzaileekin izandako esperientzia. Palestinarren borrokak mundu mailako neurria izateaz gain, munduko txoko guztietako jendeari arnasa eman dio.
Palestinarekiko elkartasun ekintzengatik kartzelara joateko prest dauden ekintzaileak, palestinarren erresistentzia babestuz Mozambikeko nekazari mugimenduko ordezkari batek eskainitako hitzaldi sentibera, palestinar bat Kuban izan
denero kubatarrek txalotu izana. Horiek guztiak Kubarekiko mundu mailako elkartasunaren erakusle dira. Bide beretik, Lehen Nazioen zeremonia batean, Kanadan, taldeko adinekoek eraztun bat eman zidaten, arerioarengandik babesteko. Eta zentzu bera du Okupatu Wall Street, ez Palestina leloak; hainbat eta hainbat manifestari ari da hori oihukatzen egun Ameriketako Estatu Batuetako hirietako kaleetan, justizia eske.
Guztiok irakurri izan ditugu Guztiok gara palestinarrak eta antzeko leloak. Imaginario kolektiboaren parte da Israelen okupazioaren aurkako borroka. Mundu guztiko jendeak babesten du gure borroka, eurena ere badela sinestuta. Lotura hori mundu mailako benetako elkartasuna da. Gure borroka sinboloak, keffieh-a kasu — Palestinarren lepo-zapia—, mundu mailan borrokaren sinbolo bilakatu da. Intifada hitza hainbat hizkuntzatako hiztunentzat ulergarria da. 2006an Oaxacako (Mexiko) ekintzaileek Intifada izendatu zuten euren altxamendua, eta Kaxmirko herritar askok baliatzen dute hitza, era berean.
Gure borroka komuna eta mugarik gabea delako, Stop the Wall erakundeak Apartheid Harresiaren aurkako Nazioarteko Astea antolatzen du, urtero. Azaroaren 9tik 16ra, Palestinan bertan eta munduko hainbat herrialdetan— Australiatik Kanadara, eta Norvegiatik Argentinara— jendeak aldarrikapen ekintzetan parte hartu du, astebetez.
Palestinarren borroka mundu mailako sinbolo izateko arrazoi moral, politiko eta historikoak daude. Arrazoi horietako bakoitza Palestina askatzeko mugimenduaren garaipen bat da, bere horretan, eta sinesgarritasuna ematen die ekintzaile palestinarrei.
Gure herritarren indarra eta Israelen okupazioaren kontrako jarrera nekaezina inspirazio iturri da. Palestinarrak desplazatzea, kolonialismoa eta apartheid-a helburu, Israelek maila askotako zapalketa mekanismoz osatutako sistema du abian. Eta palestinarrak errenditu ez izana jende askok miresten du, han eta hemen.
Nortasun indartsua dute palestinarrek, eta aspaldiko diaspora. Palestinarrak deportatu edo deserritu egin dituzte, edo atzerrira joan behar izan dute, eta egun etorkin edo errefuxiatu gisa bizi dira hainbat herrialdetan. Sei milioi
errefuxiatuk baino gehiagok harro esan dezakete palestinarrak direna. Kultura eta nortasunari eusteaz gain, palestinarrek desafio egin diete pobreziari eta isolamenduari. Hala, munduko hainbat lagunen bihotzetan eta gogoetan dago palestinarren borroka.
Historikoki, erresistentziak ez ditu palestinarrak isolatu, kontrara, nazioarteko itun politikoak eragin ditu, batez ere Gerra Hotza amaitu aurretik. Iraultzaile palestinarrek munduko beste gatazketako borrokalariekin identifikatu dute euren burua; esaterako, Hegoafrikan apartheidaren kontra zihardutenekin.
Herrialde aurrerakoiekin harreman onak landu ditu Palestinak borondatez, eta hala, kontzienteki eratu da elkartasun sarea.
Azkenik, Palestinak Israelekin duen gatazkak, Ekialde Hurbiletik harago, inperialismoaren eta kolonialismoaren aurkako mundu mailako mugimendu aurrerakoia irudikatzen du. Palestinarrek Israelen bidegabekeriari aurre egiten diotenean, guztientzat indartzen da bakea, askatasuna eta justizia.
Nazioarteak historikoki Palestinari eskainitako sostengu politikoak egun globalizazioaren aurkako mugimenduaren ekintzetan du isla. Inspirazio iturri izan da hainbat esferatan, Tunisiatik New Yorkera, eta globalizazio inperialista suntsitu beharrezkotzat jo dute herritarrek.
Urte hasieran mundu arabiarrean herritarrak altxa egin ziren, kaleak eta plazak hartu zituzten, eta urrats erabakigarriak egin zituzten Ekialde Hurbila askatzeko bide luzean. Palestinarren Intifada arabiarra bilakatu da; diktaduraren beldur-harresiak erori dira han eta hemen. Egiptiarren, tunisiarren, yemendarren eta siriarren adoreak arnasa eman dio munduari. Herritarrek, erabakimenarekin eta elkartuta, helburuak lor ditzaketela erakutsi dute. Palestinarren Intifada izan dute erreferentzia, erresistentzia palestinarraren ekintzak eta borroka herrikoia, eta hainbat eta hainbat ekintzaile palestinarren zapalketaren, atxiloketen, torturen eta irainen aurrean erakutsi duen duintasuna.
Azken urteetan hainbat herrialdetan kaleak hartu ditu jendeak. Urriaren 15eko mugimendua hartu du izena, eta mundu mailako Intifadaren lehen adierazpena izan da. Hala ere, Palestinaren borrokaren mundu mailako eragina ez da gure borrokaren emaitza soila izan, baita gure zapalketaren beraren ezaugarriena ere. Sei milioi errefuxiatu palestinarrak dira gure kausaren enbaxadoreak.
Palestinarren borroka mundu mailako auzia da, sortzez. Izan ere, nazioarteak erabaki du gure lurraren patua— gure autodeterminazio eskubideari entzungor eginez— ,NBE Nazio Batuen Erakundean. Nazioarteko komunitate horrek berak dokumentatu ditu Israelen giza eskubideei eta nazioarteko legediari egindako urraketak, eta kondenatu egin du Israel behin baino gehiagotan, baina inoiz ez du hartu hura geldiarazteko neurririk.
Gobernuen arteko konplizitateak eta korporazio handiek Israel babestu eta harengandik onurak jasotzen dituztela jakinda, garrantzitsua da munduak borroka komun bat izatea. Beharrezkoa da hau behin eta berriz gogoraraztea.
2011ko urriaren 15ak, borroka egunak, mundu guztiko eta Palestinako jendea suspertu du. Batera, arrazismoaren eta inperialismoaren aurkako fronte bateratu gisa, altxa dira herritarrak. Baina Palestinak zutik dirau inperialismoaren aurka, urriaren 15ean, eta egunero.